ARTEA

Gerra eta bakearen begiradak

Munduko argazki-kazetari ospetsuenetako batzuen lanen hautaketa pertsonal batek osatutako erakusketa ikusgarria aurkeztu da gaur, Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak izenburupean.

Kontzeptu antagonikoen gaineko begirada pertsonala osatu dute erakusketa berezi honetarako munduko kazetari grafiko entzutetsuenetarik batzuek, hala nola, Julie Jacobson, Ben Lowy, Alvaro Ybarra, Ahmed Jadallah, Don McCullin, Stanley Greene, Enrique Meneses, eta Goran Tomasevic.

2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea ekimenaren baitan kokatzen den erakusketan 66 argazki bilduko dira, aipaturiko bi sailetan, gerra eta bakea, eta esate baterako, 2012ko World Press Photo saria eskuratu duen Samuel Aranda Kataluniako argazkilariaren lana, ere bertan ikusi ahalko da, oso tamaina handian gainera.

Erakusketa ibiltaria Euskal Herriko hainbat tokitan ikusi ahalko da. Inaugurazioaren eguna, martxoaren 23an izango da, eta Gernikan bertan zabalduko da (maiatzaren 5era arte). Geroago Donostiara, Eibarrera, Bilbora eta Gasteizera joango da.

Mota askotako argazkiak biltzen dira ekimen honetan, esan bezala, modu antagonikoan. Argazkilariek beraiek aukeraturiko lagina da, eta irudiotan gerraren alderik krudelena, gordinera, eta batzuetan nazkagarriena erakusten den bitartean, bakearen aldeko irudiek planteamendu pertsonalago batetik hartuak izan dira, eta egoera ezberdin asko islatzen dituzte. Hala, Golkoko, Balkanetako, Irakeko, Afganistango, edota Afrikako liskarrak eta gatazkak presenteago bilakatuko dituzte argazkilarion begirada pertsonal hauek.

Alvaro Ybarraren hitzetan, “jendeari munduan beste errealitate batzuk existitzen direla helarazteko, horrelako erakusketak egiteko premia dago”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button