LITERATURA

Bizenta Mogel protagonista, Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioan

Bizenta Mogelek 1804an argitaratutako Ipui onac lana irakurriko dute gaur, hilak 5, Arriaga Antzokian, 08:00etatik 14:00etara. Nerea Ibarzabal bertsolariak obra horren lehen lerroak irakurri ditu.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Etenik Gabearen XVIII. edizioak Bizenta Mogelen Ipui Onak obra izango du protagonista. Hiru arrazoirengatik aukeratu du Bilbo Zaharra Euskaltegiak Ipui onac: “euskal literatura eta Europako literatura klasikoa lotzen dituelako, alegia literatura-genero primitiboari lekua egiten diolako eta emakume batek euskaraz publikatutako lehen obra dugulako”.

Ekimen honek hasiera-hasieratik helburu bikoitza izan du: batetik, euskal kultura herritarren artean sustatzea eta prestigiatzea, eta bestetik, ikasleek euskara ikasteko egindako ahalegina saritzea. Horrexegatik kokatzen da irakurketa ikasturtearen amaieran, Euskara-ikasleen jaiaren muinean.

Gaurko obra, 1804. urtean argitaratu zen, eta bertan, Bizenta Mogelek (22 urte baino ez zituen) Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara. Obra horrekin bihurtu zen Mogel euskaraz liburu bat argitaratu zuen lehen emakumea.

Goiz osoan zehar,  200 pertsona inguru (kultura- eta gizarte-eragileek, euskaltzainburuak, unibertsitateko errektoreak, hedabideetako aurpegi ezagunak, irakaskuntza eta sindikatuetako ordezkariak, ikasleek, irakasleek eta erakunde mota guztietako ordezkariek) jarriko dira antzokiko Foyer-en jarritako mikrofonoaren aurrean egokitu zaien pasartea ahalik eta ondoen irakurtzeko prest.

Gainera, kanpoan ezarri den pantaila handi batean, Bilboko institutuetako ikasleak, diasporako kideak eta munduko 50 euskal etxeetako euskara ikasleak ere irakurtzen agertzen diren bideoak proiektatuko dira. EITBren webgunetik ere jarraitu ahalko da ekiemna.

Aurreko edizioetan liburu hauek irakurri dira ekimen honetan: P. Axularren Gero, J.A. Mogelen Peru Abarca, Jon Miranderen Haur besoetakoa, Saizarbitoriaren Hamaika pauso, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox, Bernardo Atxagaren Obabakoak, Gabriel Arestiren Harri eta herri, Sarrionandiaren Narrazioa Guztiak, Franz Kafkaren Metamorfosia, Itxaro Bordaren %100 Basque, Txomin Agirreren Kresala, Anjel Lertxundiren Otto Pette, Mariasun Landaren Ipuin hautatuak, Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae,  Ramon Saizarbitoriaren Martutene, Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat eta Kirmen Uriberen Bilbao-NewYork-Bilbao.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button