IKUS-ENTZUN

Genero-identitatea eraikitzeko hamaika modu

Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia martxoaren 1etik 14ra ospatuko da, modu presentzialean eta baita birtualean ere. Aurtengo edizioak badu irudia, Helena Goñi argazkilariarena da, eta bertan agertzen diren lau gazteek, euren belaunaldiko hainbat gaztek bezalaxe, modu naturalean bizi dituzte genero-identitatea eraikitzeko hamaika modu eta formak. Hortaz, aurtengo leloa Genero izpirik gabe izango da.

Edizio honetako kartelaz Pau Guillen zuzendariak honakoa esan du: “Helena Goñiren irudian ikus dezakegu belaunaldi berriek naturaltasunez bizi dutela euren genero-identitatea”. Guillenen hitzetan, “gero eta ohikoagoa da pertsona ez binario, genero neutro edo mugarik gabeko genero bezalako kontzeptuak entzutea. Ez da beharrezkoa kontzeptu guzti-guztiak ezagutzea, baina bai behintzat jakitea genero-identitatearen mugak zabaldu direla eta aukera guztiak baliagarriak direla”.

Helena Goñi artistak azpimarratu duenez, “keinu horren bidez identitate kolektibo bat sortzea izan da nire helburua, eta gero bakoitzak nahi duen moduan kolorea bere neurrira egokitzea”. Goñik adierazi du bere asmoa ez dela izan generoaren inguruko hausnarketarik bultzatzea, gaia modu naturalean agertu zela.

Osasun-neurrietara egokituko bada ere, Zinegoakeko 18. edizioak ez du bere nortasuna galduko eta aste biko programazioari eutsiko dio. Horrez gain, Zinegoakek ere esfortzu berezia egingo du jaialdiko lanak publikoarengana hurbiltzeko. Hori dela eta, lehenengo aldiz, Zinegoakek egoitza ofiziala izango du Bilbotik kanpo. Bizkaiko hiriburuan jaialdia antolatzen ari den bitartean, Lekeition ere jaialdiko proiekzioak eskainiko dira, Zinegoak eta Zine Bileraren arteko lankidetzari esker.
Horretaz gain, martxoaren 14tik aurrera, Zinegoakeko hedapena hasiko da eta filmak Euskal Herriko hainbat herritan pantailaratuko dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button