Arrasaten izango da GBTko azken finalaurrekoa. Igandean jokatuko da, eta bertatik aterako den irabazlearekin finalean parte hartuko duten bertsolari-taldea osaturik geldituko da.
Hortaz, finaleko zortzikotea erabakita egongo da, eta horietako bat, gutxienez, Arrasateko irabazlea izango da. Betiko legez, gainontzekoek puntuazioaren arabera izango dute finalean kantatzeko aukera.
Igandeko oholtza gainean, Agin Laburu Rezola, Andoni Rekondo Izagirre, Eñaut Martikorena Lizaso, Iñigo Mantzizidor Larrañaga “Mantxi”, Maider Arregi Markuleta eta Oihana Iguaran Barandiaran arituko dira.
Epaile, ostera, hauek ariko dira: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Mikel Lersundi Ayestaran. Idazkari lanetan Aratz Irazustabarrena Garmendia ibiliko da.
Arrasateko saioa ere, finalaurreko guztien gisan, ETB4n izango da ikusgai, eta Ilaski Serranok aurkeztuko du saioa, Jon Martin aditua ondoan izango du.