
Bilboko Kalealdiaren aurrerapen gisa, bertoko auzoek kaleko arte eszenikoen eskaintza zabala jasoko dute maiatzean eta ekainean.
Ekimen horien helburua hiriko kaleak animatzea eta biztanle guztiek mota horretako ikuskizunekin harreman zuzena eta partaidetza izatea sustatzea da. Horrez gain, bertako taldeei aukera eman nahi zaie, nazio eta nazioarte mailatik etorritako taldeekin batera, euren lanak jende aurrean aurkez ditzaten.
Hasteko, Zorrotzako feria parkeak Clown Zorrotza izenekoaren bigarren edizioa jasoko du maiatzeko lehen asteburuan (7an eta 8an), Arrigorriagako Nazioarteko Jaialdiarekin elkarlanean. Finlandiako, Argentinako edo Austriako artistek hartuko dute parte.
MusikAuzo programak kaleko musikan aritzen diren bederatzi banden musikaz beteko ditu Deustuko, Uribarriko, Abandoko, Ibaiondoko, Basurtu–Zorrotzako eta Errekaldeko barrutietako plazak, maiatzean eta ekainean eta uztaileko lehen larunbatean.
Halaber, kaleko hogei bat ikuskizun eszeniko programatu dira Otxarkoaga-Txurdinagako, Begoñako, Ibaiondoko, Abandoko eta Basurtu–Zorrotzako barrutietako plazetan.
Beste aldetik, Magia Topaketen VII. edizioa lau egunez luzatuko da, maiatzaren 26tik 29ra, Txurdinagan eta Otxarkoagan, eta, ondorioz, 3. barrutia, kaleko ilusionismo ikuskizunen alorreko erreferente gisa finkatuta geratuko da.
Azkenik, ekainaren 3an, 4an eta 5ean, Zirkualderen–Bilboko Zirku Jaialdiaren, Euskadin bere generoan ospatzen den jaialdi bakarraren, bigarren edizioa ospatuko da Errekalde auzoan.
Informazio zehatza hemen duzue