LITERATURA

“Irakurketa Errazeko” lan berri bi kalean

Euskarazko Irakurketa Erraza bildumaren bi argitalpen berri aurkeztu dira gaur goizean  Azkuna Zentroan. Fernando Morillorekin batera (Gaumin argitaletxea), Onintze Goitiz  eta Laida Martinez egileak bertaratu dira, lan berri hauen nondik norakoak eman ahal izateko.

Irakurketa Errazak ezgaitasun intelektuala, ikasketaren gorabeherak, alfabetatze eskasa, hirugarren adineko zahartasuna edo hizkuntzaren maila eskasa dutenentzako proiektu literarioa da, eta aspaldian sortu zen Katalunia aldean.
Argi dago pertsona askok euskaraz irakurri nahi dutela, baina ohiko literatura zaila egiten zaie. Eskura dituzten testu ulergarri bakanak haur literaturakoak dira maiz, horregatik ulermena errazteko baliabideak eskaintzen dituzte testu hauek, istorioaren funtsa nabaria baita, kontakizuna bere horretan agertzen baita.
Duela urte batzuk hasi zen erronka hori, eta titulu batzuk badira argitaraturik. Katalanetik itzulitako Montse Flores Pallarès-en Rif mendietako ura eta Núria Martí Constans-en Traizioa lakuan eleberriak plazaratu dira. Bestetik, zuzenean euskaraz idatzi diren Ander Izagirreren Txernobil txiki bat etxe bakoitzean eta Fernando Morilloren Santiago Bidearen misterioa.

Orain beste titulu berri bi datoz bilduma osatzera: Onintze Goitizek, Amaia udalekuetan izeneko lana publikatu du eta Laida Martinezek Erdi Aroko egunak. Amaia udalekuetan, Amaia neskatila gorraren abentura bat da. Gurasoek ez diote udalekuetara joaten uzten, gehiegi babesten dutelako alaba. Baina Amaia lagunengana joaten moldatuko da. Erdi Aroko egunak lanak Bilbo Hiribildu bihurtu zeneko garaia kontatzen du, Diego Lopez de Haro eta Maria Lopez de Haro agertzen dira, portuko kontuak, merkatariak… Eleberria da, fikzioa, baina inguru historikoan kokatuta. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button