Desira desordenatuak: Queer irakurketak (euskal) literaturan liburua abiapuntu harturik, irakurketa poetiko, umoristiko eta (meta)fisikoa izango da Eibarko Karrika tabernan ostegunean, abenduak 23. “Literaturari, euskaldunari zein kanpokoari, bestelako ertzak aurkitzea eta irakurketa gay-les-trans-queer berriak proposatzera datorren liburu-aurkezpena izango da Ez don armairu, ez dok armairu“, jakinarazi diote Nontzeberriri ekimenaren antolatzaileek ohar bidez. Honako partaide hauek izango dira emanaldian: Rikardo Arregi, Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner eta Juanjo Olasagarre.
Ibon Egañak koordinatu eta Utriusque Vasconie argitaletxeak plazaratu du Desira desordenatuak. Queer irakurketak euskal literaturaz liburu kolektiboa. Nola kontatu ditu euskal literaturak lesbianen arteko harremanak? Nolakoak dira gay pertsonaiak euskal eleberrietan? Ba ote dago ezaugarri komunik? Egin ote liteke herri literaturaren irakurketa lesbiko bat? Existitzen al da gay literatura? Galdera hauei eta beste batzuei erantzuten saiatzen dira Desira desordenatuak. Queer irakurketak euskal literaturaz (Utrisque Vasconie) liburuan parte hartu duten idazleak.
Amaia Alvarez Uria, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Ibai Atutxa, Mikel Ayerbe, Itxaro Borda, Ibon Egaña, Angel Erro, Joseba Gabilondo, Iñigo Lamarca, Gema Lasarte, Kattalin Miner, Josune Muñoz, Juanjo Olasagarre, Beatriz Preciado, Iratxe Retolaza, eta Monique Witig autoreenak dira liburuan jasotzen diren testuak.
Iñaki Egañak bidalita



