
Izenburu probokatzaile bezain iradokitzaile horrekin aurkeztuko da estreinakoz obra hori azaroaren 1ean Luhuson (Lapurdi). Ander Lipus, Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu aktoreek taularatuko dute, eta Manex Fuchs-ek zuzendu du, Asier Mendigurenen testua oinarritzat hartuta. Horretaz gainera, Artedramaren magalean jaio den Huts Teatro taldearen lehendabiziko antzezlana da.
Obraren webgunean jasotzen denez, Teatroari buruzko hausnarketa jostalaria da Publikoari gorroto. “Publikoarekiko keinuz eta umorez; pixkanaka, ordea, arimaren barrunbe ilunenak joango dira agertzen: krudelkeria, bortxa, botere-harremanak… giza izatearen amildegi ertzera iristeraino”.
Aktore batek eta bi ikuslek antzeztua, Antonin Artaud dramaturgoaren eragina agertzen du testuak. Haatik, obra hau ez da meta-antzerkia, zerbait izatekotan “ekintza teatrala” da, “krudela zer den ikus eta entzun dezagun”. Horretarako baliabide gutxi izango dituzte aktoreek, tartean, maskara bat eta margoak.
“Garbiki erraiteko, gure burua edo auzoarena torturatzeko dugun irudimena agerian utzi nahi dugu. Norberak bere bizia eszenifikatzeko egiten duen indarra. Amodioa eta gorrotoaren arnasa. Eta hondarrean, miseria. Itsuski ederra, krudela.”
Azaroaren 1ean estreinatuko da obra Luhuson eta gero Euskal Herriko makina bat tokitan ikusi ahalko da: 2an, Azpeitian; 3an, Usurbilen; 4an, Ondarroan; 8an, Leioan; 9an, Zornotzan; 10ean, Elorrion; 11n Durangon, 14an Bilbon, 16an, Zumaian; 17an eta 18an Donostian eta 23an Bergaran. Abenduan eta 2013ko urtarrilean ere ikusi ahalko da obra, datak kontsultatzeko sartu publikoarigorroto.com webgunean.
Laster nontzeberrin argitaratuko dugu obra honen harira Ander Lipusi eginiko elkarrizketa. Adi egon!