Abenduren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak Gida Bira ekimena abiaraziko du. Azaroan 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an egingo da Aldundiko hamar espazio ezberdinetan eta 16 bertsolarik parte hartuko dute.
Ekimena honetan datza: Bizkaiko 10 museo eta areto ezagutu ahalko dira, 16 bertsolarik parte hartzen duten bisita gidatuen bidez. “Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegina egiten du gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta eremu guztietan indartzeko. Kasurako, aisialdian egiten ditugun jardueretan; Gida Birak bat egiten du erronka honekin.”
Gaur berton (hilak 29) abiatuko da Gida Bira Bermeoko Arrantzale Museoan, Ander Elortegi eta Enare Muniategi bertsolarien eskutik, 18:00etatik aurrera. Iñaki Marcaidaren argazkiekin edertutako Bermeo Portu Zaharra 1877-2024 erakusketa izango da ardatza.
Azaroaren 30ean, hitzordu bi antolatu dira: Arkeologia Museoan, Bilbon, Iruri Altzerreka eta Gorka Pagonabarraga bertsolariak izango dira, 17:00etan, eta Neandertalak erakusketa izango dute abiapuntu. Eta Bilbon kokatutako Euskararen Etxean, Maite Sarasola eta Xabat Galletebeitia egongo dira, 12:00etan, Euskararen Interpretazio Zentroko edukiei buruz aritzeko asmoz.
Abenduaren 1ean, bost saio izango dira: Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoan Koldo Gezuraga eta Izaro Bilbao arituko dira bertsotan; Muskizen El Pobaleko Burdinolan, Iruri Altzerreka ibiliko da bertsotan 11:30etik aurrera; Euskal Herria Museoan, Gernikan, Iker Uriarte eta Janire Arrizabalaga bertsolariak arituko dira; Santimamiñen, Aissa Intxausti eta Aitor Etxebarriazarraga izango dira, 12:00etan; eta, azkenik, Txakolingunean, Bakion, Jone Larrinaga eta Asier Galarza bertsolariak bilduko dira, 12:00etan.
Abenduaren 3an, bi saio izango dira Bilbon. Lehenengoan, 11:30ean, Xabat Galletebeitia eta Ane Labaka bertsolariak Bizkaiko Foru Jauregian arituko dira bertsotan, eta arratsaldez, 18:00etan, Maite Sarasola eta Eneko Abasolo bertsolariek Ondare Aretoko bisita gidatuko dute.