MUSIKA

Gaur hasiko da Errobi Festibalaren 25. edizioa

Gaur hasita eta uztailaren 25era bitartean, Errobi Festibalaren 25. edizioa abiatuko da Itsasun, eta betiko legez, musika, dantza, erakusketak eta bestelako sorkuntzak bilduko ditu.

Gaurko emanaldiak 17:00etan hasiko dira, eta lehen hitzorduan solasaldi-kontzertu bat eskainiko da: 25 urte sorkuntza eta topaketa artiskoetan Itsasun, eta bertan Mizel Theret, Mixel Etxekopar, Paxkal Indo, Gabriel Durif, Beñat Achiary, Pantxoa Etchegoin, KIMU Txalaparta arituko dira.
Geroago, gaueko 21:00etan, Revolutionary Birds taldeaeren musika izango da entzungai. San Salvador abesbatzaren txanda etorriko da gero, eta azkenik, Petite Planetes filma proiektatuko da zuzeneko musikarekin.

Uztailaren 23an, azpimarragarria da Memoriaren bonboa gerezien denboran izeneko ekitaldia. Bertan Beñat Achiary, Joseba Irazoki, Oihan Oliarj-Ines eta Julen Achiary musikariak eta Itxaro Borda idazleak bilduko dira. Horren ostean, Kimu Txalapartaren txanda izango da. Eta azkenik, musika gehiago, Old School Funky Family taldearekin.

Larunbatean, hilak 24, Beñat Achiary eta Pedro Solerrek Amores lana aurkeztuko dute. Gauean dantza izango da protagonista, eta beste pieza butzuen artean, Kukai taldeak Erritu obra egingo du. Erritu bizi-bidaia bat da, eta bizitzaren sasoi ezberdinak zeharkatzen dituena, jaiotzatik kaosera, bakardadearen basamortutik maitasunera eta, azkenik, bizitzatik heriotzara. Erritu-n dantza ulertzeko bi modu elkartzen dira. Sharon Fridmanen lanak fisikaltasun eta mugimendu-kalitate berri bat eskaintzen die Kukaiko dantzariei, contact delakoan oinarritutakoa, bere ohiko mugimenduen garbitasun eta bizitasunarekin modu aberatsean kontrastatzen eta osatzen duena.

Errobi Festibalaren 25. edizioa igandean amaituko da ibilaldi artistiko batekin.

Hori guztia eta gehiago, Errobi Festibalean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button