
Gaur hasiko da Bilboko Udalak urtero antolatzen duen Bilboko Kalealdia, eta uztailaren 5era arte luzatuko da. Guztira 59 ikuskizun eskainiko ditu.
Antolatzaileek adierazi dutenez, “antzerki eta kaleko arteen jaialdi hau publiko guztiarentzat irisgarria izatea nahi dugu, bilbotarrek edizio honetarako antolatu ditugun ikuskizunez modu aktiboan gozatu ahal izan dezaten. Era berean, topaketa kultural honek konpainiei, beteranoei zein hasiberriei, euren lanak etengabe erakusteko agertoki bat eskaintzen die. Hori da bidea, Bilboko auzo guztiek kultur ekitaldi mota desberdinak hartzea, formatu desberdinetan eta herritar guztiei irekita”.
Aurtengo edizioan Europatik etorriko diren zortzi konpainia izango dira: Soul Project, Compagnie Super Super, Claire Ducreux, Pikz Palace eta Facile D ‘exces Cie Frantziatik, eta Belgikatik Chaussons Rouges (Compagnie Des), etas Maleta Company & Balancetoi Cie; eta azkenik, Concorda Portugaldik dator.
Llum de Fideu, Escarlata, Psirc Cía, Pau Palaus, La Corcoles, Leandre Clown, Kolektiv Lapso Cirk eta Guillem Albà Kataluñatik datoz, Chicharrón Circo Flamenco Andaluziatik; La Fam Produccions Valentziako Erkidegotik eta Ddcdanza- Daniel Madrildik dator.
Euskal Herriko konpainiak honako hauek izango dira: Qabalum nafarrak, Mama crea, Komorebi Produkzioak, Nimú, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos Cía. eta Barsanti Cía.
Jaialdia hiriko hainbat espaziotan garatuko da, baina erdigune nagusia Casilda Iturrizar Parkea izango da, aldi berean Arte Ederren Museoaren inguruan, Ahateen Urmaeletik gertu eta Pergolan eszenatoki bat izango da. Halaber, beste ikuskizun batzuk Arriaga Plazan, Areatzan eta EHUren Bizkaia Aretoan ere izango dira.
Aurten kaleko artisten arteko topaketa sustatzea helburu duten hainbat jarduera parte-hartzaile eskainiko dira. Ekimen hau Open Kalek (Kale Jaialdien Sarea) eta Artekalek (Euskal Herriko Kaleko Arteen Elkartea) antolatu dute, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Egun guztietako programazioa jaialdiaren webgunean kontsultatu ahal duzue.