MUSIKA

Bernaola Zikloak hainbat saio antolatu ditu hilabete hauetan

Gasteizen, otsailaren erdialdera bitartean, Bernaola Zikloa garatuko da. Urrian hasi zen egungo euskal eta nazioarteko artisten kontzertuak bildu nahi dituen ekimena, eta jarraipena izango du datorren hilera arte.

Egun hauetan, 14an eta 16ean, bertako talde egoiliarra Ensemble Sinkro arituko da eta bi programa ezberdin aurkeztuko ditu, bat Musikenetik Paris 8 Unibertsitatetik irten berriak diren konpositore gazteei eskainitakoa, eta bestea, berriz, Guillermo Lauzurika gasteiztar konpositorearen musikari eskainitako bere azken lan diskografikoa aurkezteko. Taldean, Roberto Casado (txirula), Javier Roldan (klarinetea), Victor Parra (biolina), Estibaliz Oraá (biolontxeloa), Sergio Gutierrez (pianoa), Jabi Alonso (perkusioa) eta Jabolo Sagastume (elektronikoa) bildu dira.
Eurek adierazi duten moduan: “Gure azken lan diskografikoa aurkezten dugu, Sinkro Records etxeak argitaratuta. Guillermo Lauzurika gasteiztar konpositoreari eskainita dago. Guillermok Jesus Guridi Kontserbatorioan jaso zuen prestakuntza Carmelo Bernaola, Antonio Lauzurika eta, bereziki, Alfonso García de la Torre irakasleen eskutik. Azken hori adiskide mina eta ezin konta ahala abentura musikalen bidaidea du, eta diskoa berari eskainita dago. Kontzertu honen bidez, Ensemble Sinkronetik omenaldi txiki bat eskaini nahi diogu Alfonso García de la Torreri, bere eskuzabaltasun itzela eta lan desinteresatua eskertze aldera, eta baita Sinkro proiektu oso honen arima delako ere”.

Sorkuntza berriko musika garaikidearen inguruan 14 kontzertu antolatu dira. Kontzertuak  Artiumen eta Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egiten ari dira, bai eta Araian eta Bilbon ere (bi kontzertu).

Kontzertu guztiak doakoak dira, edukiera bete arte.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button