MUSIKA

TAU taldearen folklore psikodelikoa, Mareak jaialdian

Gaur, Bermeon hil honetan garatzen ari den Mareak jaialdiaren baitan, bi ekitaldi interesgarri izango dira: Edorta Jimenez idazlearen berbaldia eta Tau taldearen kontzertua. Mareak Jaialdiaren xedea tradizioa eta abangoardia uztartzea da.

Edorta Jimenez idazle mundakarrak Haizeari berbetan. Itzalak eta hegalak izenburuko hitzaldia emango du Aita Guria Belaontzian, 19:00etatik aurrera.

Gaur partean halaber, 21:30ean, Tau taldeak joko du Beleza Malandra tabernan. Shaun Nunutzi musikari irlandarrak zuzendutako egitasmoa da TAU. Nunutzi Islandiako Dead Skeletons taldeko kidea ere bada.

Nunutzi Mexikoko Real de Catorce basamortuko xamanekin bizi izan da, eta esperientzia mistiko haren ondorioz abiatu du TAU. Bidaia lisergiko eta mistiko hori Wirakuta izenburuko EPan bildu du. Horretaz gainera, iragan uztailean TAU, TAU, TAU izenburuko lan luzea argitaratu du; elementu folklorikoz jositako soinu-bidaia lisergikoa da. Diskoan hainbat kolaboratzailek parte hartu dute, tartean, Knox Chandler (Siouxsie and the Banshees) eta Earl Harvin (Tindersticks).

Taldearen izaera irekia den aldetik, makina bat taldetako musikariek parte hartu dute egitasmo psikodelikoan: Kadavar, The Soft Moon, The Pussywarmers eta Moon Duo, besteak beste.

Bihar, halaber, Jim White musikari estatubatuarrak gidatutako Searching for the Wrong Eye Jesus dokumentala pantailaratuko da Nestor Basterretxea aretoan, 19:30ean. Whiten The mysterious tale of how I shouted wrong-eyed Jesus izenburuko diskotik abiatuta, AEBetako hegoaldean barrena eginiko bidaia da, eta, besteak beste, The Handsome Family, David Eugene Edwards de 16 Horsepower eta Cat Power musikarien doinuak biltzen ditu.

Jaialdiak larunbatera arte iraungo du. Egun horretan, hain zuzen, Jupiter Jon, Perlak eta Petra taldeek joko dute Kafe Antzokian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button