IKUS-ENTZUN

Gaur abiatuko da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldia

Gaur abiatuko da mendiko zinemagintzarik onena biltzen duen BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia, eta abenduaren 18ra arte luzatuko da 15. edizioa. Hasiera Ekitaldia Euskalduna Jauregiko Auditorio nagusian egingo da, gaur, hilak 9, 19:30ean, eta bertan, Mendi Filmen aurreko edizioetan sarituak izan diren bi zinegile entzutetsuren pelikulak pantailaratuko dira: Ephemeral Alastair Lee zuzendariarena eta Egoland Ignasi Lopez-ena. Ekitaldi horretan Mendi Filmen 15 edizioak (2008-2022) gogora ekarriko dira.

Eta aurten, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 59 film ikusi ahal izango dira Bilboko pantailetan (Sala BBK, Golem zinemak eta Euskalduna Jauregia); horietarik 56 film Sail Ofizialean (Sail Ofizialak 25.200€ banatuko ditu, 14 izendapenekin), eta makina bat estreinaldi, tartean, nazioarteko 16 estreinaldi. Euskal Herrian ekoiztutako edota zuzendari euskaldunak dituzten 10 filma ikusteko parada egongo da.
Horretaz gain, 2 film Zabalandi lehiaz kanpoko atalean: Everest-Sea to Summit (mendi zinemagintzaren historian sarituena izan den pelikula) eta Into the Ice (Hego Amerikako Darwin mendikatera eginiko espedizio zientifiko-alpinistikoa). Bai eta Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka 2022 jasotako film laburra ere: Lobos, Marina Garcia Andreu zuzendari asturiarrarena

Guztira 31 zine saio programatu dira 15. ediziorako, eta filmez gain, 4 hitzaldi/mahai-inguru eskainiko dira, bai eta 3 erakusketa ere.

Beste aldetik, Mendi Film Festival Elkartea eta Sua Edizioak argitaletxeak elkarrekin sortutako komiki bildumaren hirugarren aleak argia ikusi du: Andres Espinosa. Bakarrik eta libre izenekoa. Everest, Herri oso bat gailurrean eta Iñurrategi Anaiak, mendiari bihotz emanak komikien segidakoa da hirugarren hori, eta goi-mailako alpinista aitzindari bati dedikaturik dago: Andres Espinosa zornotzarra (1903-1985). Aurrekoetan bezala, Ramon Olasagastiren gidoia eta testuak, César Llagunoren ilustrazioak, eta Felipe H. Navarroren koloreak bildu dira lan horretan.

Hortaz, mendi inguruetan egin daitezkeen abentura bizigarri guztiak ikusgai izango dituzue BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button