ARTEA

“Gau Irekia”, tokiko eragileen lana ezagutzeko ekimena

Sarean Kultur Elkarteak antolatutako Gau Irekiak bere hamargarren edizioa ospatuko du Bilboko San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko eta Zabalako hainbat gune, kale eta plazatan.

Abenduaren 11n ekimenak askotariko kultur jarduerak bilduko ditu helburu argi batekin: tokiko eragileen lana ezagutzea eta normalean ibiltzen ez garen espazio edota elkarteen bulegoetan, artisten tailerretan edo dendetan murgiltzea.

Antolatzaileek adierazi duten moduan: “Ospakizuna elkarlanetik eraikitako programa irekia eta anitza osatuz egingo dugu, hamar urteetan zehar Gau Irekiak sortu dituen ikaskuntza eta esperientzia guztiez elikatua. (…) proiektuak bete dituen hamar edizioen aitortza Alberto de la Hozekin batera garatutako proiektu baten bidez landu nahi izan dugu: Kontatu Gau Irekia programaren baitan 10 minutuko 10 soinu pilula sortu ditugu. Soinu pilula hauek astelehenero argitaratuko ditugu, eta bertan askotariko soinu testigantzak bilduko ditugu: proiektuaren historia, partehartzaileen musika eta zaratak, kultura eta aldarrikapenari, jaiari edo partaidetzari buruzko solasaldiak… Gau Irekiaren unibertsoa osatzen duten eta osatu duten hainbat espazio, pertsona eta esperientziatan barrena egindako soinu bidaia izango da, hamar ediziotan zehar.”

Aurtengo egitarauan 65 proposamen inguru izango dira 45 espaziotan, besteak beste: zeramikazko bitxigintza edo joskintza lantzeko tailerrak, argazkilaritza ibiltariko laborategi bat, soinu esperientzia inmersiboa Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategian, emakume beltzen literaturari buruzko mahai-ingurua, edo haurrei zuzendutako ipuin kontalari eta antzerkiak.

Ikusi programa osorik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button