LITERATURA

“Begiak zerumugan” poesia eta musika emanaldia

Martxoaren 24an, Poesiaren Egunaren harira, Begiak zerumugan poesia eta musika emanaldia antolatu da Iurretako Herri Bibliotekan. 19:00etan hasiko den ikuskizuna Dana Moya kantariaren eta Miren Agur Meabe idazlearen elkarlanetik sortu da, bi disziplina lotzeko asmoz.

Musika eta poemak uztartuz, bidaia bat eskainiko zaie ikus-entzuleei, begirada zerumugan jarrita. Begiak zerumugan liburua (Elkar, 2020) Miren Agur Meabe idazleak eta Ane Pikaza artistak poema eta ilustrazio ederrez hornituriko lana da.

Idazle batek zerumuga ikusten du poemetan, eta artista batek zerumuga ikusten du ilustrazioetan. Kasu honetan, Miren Agur Meabek urteak bete arren, adinez zahartu gabe, haurtzaroko ahotsei, soinuei, paisaiei antzematen jarraitzen dieten irakurleei idatzi dizkie poemok.

“Haize-arrosa batek gidaturiko bidaia proposatzen digu, bidean aurkezten duen paisaia oro sentimendu bihurtuz. Jolas batean bezala, poemetako bakoitzari darion musikari jarraituz, osatuko du irakurleak poema-liburu honen pentagrama, behin eta berriz irakurria izan dadin, eta musikak harrapatuta, doinu ezti eta askeek liluratuta, eramango dute irakurlea azken poemaraino”.

Miren Agur Meaberentzat zerumugari begiratzea abiatzeko bultzada izan daiteke, eta Ane Pikazarentzat ostera, bere zerumuga amaierarik ez duen mundu onirikoan dago. “Biak ala biak aske eta eskutik ibili dira liburu honetan, iluntasunetik argitasunera eraman dituen zerumugako bidearen zati batean”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button