
Maiatzaren 5etik 10era izango da ICOFF-GASTEIZ, Gasteizko Film Laburren Nazioarteko Jaialdia Vital Fundazioa Kulturunean. Aurten Bagare sail berrian Ofiziala sailean lehiatzen ez diren film labur arabarrak emango dira. Eta nobedadeen artean, bat-bateko film laburren maratoia eta euskal film laburren merkatua izango dira. Edizio honetan 915 lan jaso dira, eta horietarik Ofiziala sailean aurkeztuko diren 30 film laburrak aukeratu dira.
Jaialdiak Estatuko film laburren lehiaketa bat eta munduko zinemaldi onenetan eta Espainiako film laburren nazioarteko lehiaketetan saritutako, izendatutako edo parte hartutako formatu txikiko lan zinematografikoen erakustaldia eskainiko du beste behin, Kepa Sojo eta Sonia Pacios ardurapean.
Jaialdiaren astelehenetik ostiralera garatuko da, eta 19:30ean, Ofiziala saileko proiekzioak egingo dira. Bertan ere, sortzaileek beren lanak aurkeztuko dituzte. Aukeratutako zuzendarien artean, film luzeak estreinatu dituzten eta noizean behin film laburrera itzultzen diren zuzendarien film laburrak daude, hala nola Mabel Lozano, Javier Fesser, Daniel Sánchez Arévalo eta Koldo Almandoz. Juanjo Giménez Peña Cannesko Zinemaldiko irabazlearen azken lana ere bertan izango da, eta animazio sailean, hautatutako bost filmen zuzendariak emakumezkoak dira: Sonia Estévez, Anna Solanas, Begoña Aróstegui, Izibene Oñederra eta aipatutako Mabel Lozano.
Arabarren lanak nabarmendu behar dira: Elixabet Núñezen A-Maniki, Tamara García Iglesiasen Locas del ático, Aitzol Saratxagaren Ehiza, Sonia Estevezen Plazer bat, eta María Algora eta Mikel Bustamanteren Lo que no se ve.
Aipaturiko Bagare saileko lanak maiatzaren 10ean pantailaratuko dira, 19:30ean, jaialdiari amaiera emateko.
Jaialdiari buruzko informazio guztia bere webgunean duzue.