MUSIKA

Garilak 26, erromeria rock zalearen bidetik

Garilak 26 banda bizkaitarrak Andrenalinaren zain izenburuko estreinako lana aurkeztu du gaur goizean. Diskoak erromeria eta rocka uztartzen ditu zazpi kantutan. Aurkezpen ekitaldian, taldea osatzen duten sei musikariak izan dira, bai eta Ritxi Aizpuru ere, Baga Biga diskoetxearen ordezkaria.

Aizpuruk argi utzi du aurkezpen ekitaldiaren hasieran zein den Garilak 26ren esentzia: Taldeak ibilbide luzea egin du erromerien plazetan -150 kontzertu egin ditu, taldekideak oso gazteak izan arren-, baina orain, haien kantu propioak egin dituzte, rocka (ska, reggae, dance..) eta euskal tradizioa nahastuz. “Rockaren alde egin dute, baina euskal kulturara ekarrita, trikiaren eta albokaren bidez”, azaldu du Ritxik.

Gero, taldekideek hartu dute hitza. “Txosnak eta jaiak dira gure habitat naturala; hortaz, diskoan eremu horretako elementuak batu ditugu: festa, parranda, arriskuak… baina baita jai giroko musikak ere: rock, ska… Naturaltasunez sartu ditugu osagaiok”, azaldu du Iker Alvarez bateria eta teklatuak.

Taldea duela hiru urte eratu zen, taldekideek, baina, ez zuten elkar ezagutzen. “Orain, lagunak gara, batera goaz, eta dena guztion artean egiten dugu”, azaldu du Eneko  Benito alboka eta albokote joleak. “Folklorea jotzen hasi ginen, baina kantuok nahikoa dinamikoak eta potenteak ateratzen zitzaizkigun; beraz, nahasketa rockeroago batera jo dugu, bertsioetatik gure kantuetara iritsiz”, gaineratu du.

Bada, taldea abiatu zutenetik 150 kontzertu inguru egin dituzte, eta bidean, halaber, lagun asko egin dituzte. Horietako batzuek diskoaren grabazioan parte hartu dute: Zuriñe Hidalgo (Hesian), Xabi Solano (Esne Beltza), Pelllo Reparaz (Vendetta) edo Maria Rivero (Siroka, Hutsa). “Haiengandik asko ikasi dugu”, azpimarratu du Ikerrek.

Horietako kolaboratzaile batzuk, bai eta beste batzuk ere, Bilboko Kafe Antzokian izango dira martxoaren 3an, egun horretan diskoaren zuzeneko aurkezpena egingo baitute. “Festa giroa izango da, erromeria eta rockaren nahasketaren bidetik; berezia izango da”, azaldu du Ikerrek.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button