
Gari & Maldanbera taldeak kontzertu bikaina eskainiko du bihar, hilak 28, Donostiako Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:00etan hasita. Oholtza gainean, Natxo Beltran (bateria, ahotsak), Oier Aldekoa (baxua, teklatuak eta ahotsak), Miguel Moyano (gitarrak, teklatuak eta ahotsak) eta Gari (gitarrak eta ahots nagusia) bilduko dira.
Gari ibilbide luzeko sortzailea da musikagintzan. Oraingo honetan, doinuen haragikoitasun sentsualaz gozatzeko aukera eskainiko du urtetan landu duen esperientziari esker, eta modu sotilean aletuko ditu kantak, bata bestearen atzetik, ikus-entzuleekiko zubi intimo sendo halakoa eraikiz.
Betiko kantak eta bere azken diskokoak haizatuko ditu seguruenik. Izan ere, Beste denbora batean izeneko diskoa kaleratu zuen duela urte bi. Bertan, norabidearen aldaketa gertatu zen, bere betiko estiloari jarraipena egin dion arren. Lan berria El Tigre eta Tio Pete estudioetan grabatu zen, We Are Standard taldeko Jon Aguirrezabalagaren agindupean eta Gari berak ekoitzita. Diskoak dakartzan sorpresetariko bat Mercedes Sosaren kantu baten bertsio zoragarria da. Kantuetako letrak egiteko orduan beste hainbat sortzailerengana jo du Garik, eta hala, letretan Igor Elortza, Jon Benito, Mari Luz Esteban eta Juan Luis Zabalaren hitzak topatuko dituzue.
“Bizitzaren parte handi bat musikari estuki loturik eman ondoren, Gari bezalako artista iraunkorrak kantuetatik haratago daude, diskoen gainetik, eta euren estiloa da, azken finean, plazaratzen duten garrantzitsuena.”



