EZLEKUBAT

Galder Perez (“Sekula Bai!”): “Euskal Herrian irrazionalitatea aurkitzea erraza da”

Korrika Kulturalaren egitarauaren baitan, Sekula Bai! antzezlana, gaur bertan, otsailak 17, estreinatuko dute Bilboko Alondegiko Auditorumean. Ikuskizunak ezinbesteko eta erantzunik gabeko gaiak izango ditu ardatz. Gaiok tonu umoretsuan jorratuko dituzte Loli Astoreka, Edurdo Gabiña, Mikel Losada, Lander Otaola eta Galder Perez aktore ezagunek. Obra Itziar Lazkanok zuzendu du eta Maitane Zalduegi koreografiaz arduratu da.
Umorea eta txantxetarako gogoa galdu barik, lan hau zertan den hitz egin dugu Galder Perez aktorearekin. Hona hemen gure itaunei emaniko erantzunak.

XXI. Mendeko ikuskizun satirikoa eta irrazionala dela diozue? Zergatik?

XXI. mendea satira irrazioanala delarik, egi borobila eta absolutua erakutsi nahi izan dugu. Ez da txantxetarako garaia. Ala bai? Hor dago koska. XX. mende osoa lan hau prestatzen eman genuen. Tira, Loli XIX. mendean hasi zen.

Zuen satiraren eta irrazionaltasunaren biktima Euskal Herria bera izango da, ezta? Zer bilatzen duzue kritika horren bitartez?
Bilatu, ez dugu ezer bilatzen, baina aurkitu, ordea, gauza asko aurkitu dugu. Gainera Euskal Herrian irrazionalitatea aurkitzea erraza da. Bueno, mundu osoan, baina hemen eta Txipren bereziki. Azkenean, gu geu bilakatu gara biktima.

Horretarako, Forrest Gump pertsonaia euskal politikari baten figuran oinarrituta dagoela erakutsiko duzue, edota Hollywoodeko pelikula klasikoak Euskal Herrian grabatuz gero nolakoak izango ziren azalduko duzue… horrelakoak entzunda obrak puntu surrealista ere baduela esan daiteke, ados zaude?
Tira, surrealista baino errealista. Forrest Gump euskal politakari bat zen, baina gero beste izen batekin agertu zen politika munduan. Edonork zalantza izanez gero badauka hemerotekara joaterik. Gauza bera gertatzen da Casablancarekin. Oso jende gutxik daki Casablanca Goierrin grabatu zela. Kontua da garai horietan, benetako ilusioa zegoen horietan, dekoratuak gaur egun baino hobeto egiten zirela. 

Bestalde, Maite Zalduegi antzezlanaren koreografiaz arduratu da. Antzezlana eta dantza uztartzen duen obra da?
Bai, hala da. Gure artean euskal Nureyev-a dago. Mikel Losada jende askok zinemagatik ezagutzen badu ere, arituagoa da dantza munduan. Lan horri esker orain klasikotik jazzera egingo du jausia.

Zuena, baina, kabareta dela esaten duzue. Formatu aproposena da Sekula bai! taularatzeko?
Izango ez da ba!

Langabezian dauden bost aktore dira obrako protagonistak. Krisia gogor jotzen ari da zuen sektorean?
Ezta gutxiago ere, mesedez! Antzerkia, beste arteak bezala, bere momentu gorenean dago. Dirutza izugarria mugitzen da euskal teatroetan. Guk ere zaku horretatik zerbait jaso nahi dugunez biktima negartia egitea izan dugu irtenbide bakarra. Plazer hutsa da gure egoera. Eskerrik asko.

Ematen du egungo euskal testuinguru sozial, ekonomiko eta politikoak behar duen antzezlana dela. Egoerak eragin du obra? Nola sortu zen ideia?
Igandero bezala bostak batera mezara joan ginen. Orduan, apaizaren hitz ederrak entzun genituenean, argia ikusi genuen eta gure burmuinean aingeruen danbor hotsa bezalako ahots gardena entzuten genuen: sekula bai, sekula bai… eta kito!

Korrika Kulturala programaren baitan dago zuen obra, eta horri esker, Euskal Herriko hainbat tokitan antzeztuko duzue. Ostegunean, hilak 17, hain zuzen, zuen estreinaldia egingo duzue. Zer nolako harrera espero duzue?
Aktoreak antzokitik korrika ihes ez egitea eta gure etxeko ateak orain arte bezala zabalik izaten jarraitzea da espero dugun gauza bakarra.

Ematen du publikoa barrez lehertuko dela, ezta? Hori baita antzezlanaren xedea, ezta?
Ia ba! Hori espero dugu, bestela, hori lotsa eta erridikula galanta, berriz ere…

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button