
Oihaneder Euskararen Etxeak eta Montehermoso Kulturuneak elkarlanean Gabon zinema ekimena jarri dute martxan sasoi hori familia giroan eta euskaraz gozatzeko.
Datorren urteko urtarrilaren 2tik 5era bitartean lau film ikusteko aukera izango dute txiki eta gaztetxoek. Hiru film euskaraz izango dira, eta bestea jatorrizko bertsioan, euskaraz azpititulatua. Lehen egun horietan eskainiko diren filmak: Ballerina, Printze Txikia, Lur eta Amets eta Loving Vincent izango dira. Lehenengo hiru filmak, 3 urtetik aurrerako txikiei zuzenduta daude, eta hirurak euskaraz izango dira. 12 urtetik beherako txikiek heldu batek lagunduta egon beharko dute emanaldietan. Azken filma, berriz, Loving Vincent, 12 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago; filma jatorrizko hizkuntzan, ingelesez, eskainiko da eta euskarazko azpitituluak izango ditu.
Film bakoitzak bi saio izango ditu: bata, eguerdiko 12:00etan eta, bestea, arratsaldeko 17:30ean. Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira, datorren abenduaren 14ko goizeko 9:00etatik aurrera.
Egitarau osoa Oihaneder Euskararen Etxeak dauka.