MUSIKA

Jurgi Ekizaren bakarkako lana kalean da

Willis Drummond taldeko gitarra eta abeslari Jurgi Ekizak (Baiona, 1980) gaur kaleratu du Ekiza (Bidehuts) bere bakarkako ibilbidearen estreinako urratsa. Diskoa CD eta LP formatuetan dago eskuragarri.

Musikariak bere unibertso pertsonalena, biluziena, islatzen duten hamar doinu bildu ditu. Kantuotan garapen luzeak nagusitzen dira, tarte lasai eta intentsuagoak uztartuz. Askotan, une kasik isiletan ere murgiltzen da Ekiza. Entzunaldi aunitz eskatzen dituen grabazioa da, eta kantautore giroak eta rock pasarteak lotzen ditu.

Anari musikari azkoitiarrak hauxe idatzi du diskoaren harira: “Norbait begien aurrean biluzten denean, norbaitek dena erakutsi nahi dizunean, beste aldera begiratzen duzu. Ez gaude ohituta biluziari aurrez-aurre begiratzen. Gordina da, benetakoa, benetakoegia da, beroegia, hotzegia. Horrelako zerbait gertatzen da Jurgi Ekizaren diskoarekin”.

Musikariak berak azaldu du ez diola bere buruari mugarik jarri, eta kantuak eta hitzak egiterakoan bat-batekoari erreparatu dio gehien, alegia, espontaneoki aritu da barruan zeukana azaltzeko.

Ekizak idatzi ditu doinu guztiak, baina zenbait musikariren laguntza ere izan du: Cedric Lepine (bateria), Niko Perret (tronboia) eta Jeremie Garat (txeloa). Diskoa Karlos Osinagak grabatu du, eta Alain Brunetek nahastu eta masterizatu.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button