
Artedrama (Bizkaia), Le Petit Théâtre de Pain (Lapurdi) eta Dejabu Panpin Laborategia (Gipuzkoa) kolektiboek Francoren bilobari gutuna antzezlana aurkezten ari dira Euskal herriko geografian zehar. Atzo Bilbon izan ziren eta gaur Leioara doaz.
Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako eta Ximun Fuchsek zuzendutako obran hiru gai lantzen dira: gizartearen osasuna, izugarrikerien transmisioa, eta Frankismoaren oroimena eta herentzia. Eta gai horiei gorputza emateko Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko R. Pescador, Pako Revueltas eta Erika Olaizola dira antzezleak.
Eta pertsonaia horiek egoera honetan murgiltzen dira: Iñakik leuzemia du. Joxanek berrogeita sei urte eta gerra zibileko obus baten txatala buruan. Etorkizun bideragarririk ez duen ospitalean iragana eta oraina kateatzen dira Migel eta Kristina medikuen ametsetan. Itxarongeletan sekula agertzen ez diren pazienteen izen zerrendak entzuten dira ordena alfabetikoan eta Carmen Martinez-Bordiuk betetzen du bihotzeko aldizkari maiztuaren azala. Iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa da Francoren bilobari gutuna.
Diogunez, ostiral honetan, azaroak 18 eta Leioako Auditoriumean, 20:30ean, Frankismoak gure gizartean utzi dituen zauriei buruz aritzen den antzezlana eskainiko dute.