
Maribel de Iriarte (ahotsa), Douglass Nightingale (gitarra), Sardock Klein (bateria) eta Paul Lux (baxua) taldekideek osatzen dute Iparraldeko The Sparteens taldea. Jakin ez dakigu 60ko hamarkadan krionizatu ondoren iritsi zaigun taldea den, Walt Disney bezala, ala bestalde, iraganenean ainguraturiko banda garaikidea den. Nolanahi ere, jakin badakigu twist, ye-ye, beat eta antzeko soinuetan harrapatuta dagoen taldea dela, eta ikaragarrizko goatekeak egiten dituztela oholtzan. Diskoetan, berriz, gure kultura herrikoian erabat txertaturiko kantuen egokitzapenak biltzen dituzte, tartean, God Save the Queen, Jo ta Ke, eta Txus. Horren erakusle Grandes Exitos del Ayer disko-bilduma.
Euskal Herriko musika eszenako fenomeno bitxi honen sekretuen berri izateko Douglass gitarra jotzailearekin jarri gara harremanetan, baina ez dugu uste ezer argitzeko gai izan denik, ala bai? Zuekin the Sparteens!
The Sparteens taldeak orainetik iraganera egin du salto edo iraganetik orainera itzuli da? Zuen denbora-makinak ondo funtzionatzen du?
Denbora makinak zientzia-fikziozko asunto bat baino ez dira, baina gaur egun benetan erreala dena ebakuntza-estetiko mailan egiten dena da. Zenbat urte uste duzu ditudala?
Zuena talde kontzeptuala dela esan daiteke, ye-ye testuinguru baten inguruan ardazten baita (soinua, estetika, eszenatokiko jarrera…). Taldea eratu baino lehen pentsaturiko zerbait izan da, edo lokalean zeundetela sortu zen ideia hori? Alegia, aurretik pentsaturiko zerbait da edo zoriaz gertatu da?
Beno, ideia berez gure managerra den Remi Riversena izan zen. Garai horretan twist musikaren merkatua Espaina eta Vascongadaseko iparraldera zabaldu eta kontrolatzeko nahian ibili zen. Horretarako talde bat osatu behar izan zuen. Iada bere babespean zeukan Maria del Carmen Zalakain auzoetako vaudeville artista. Tamalez ez zekien ez abesten ezta instrumenturik jotzen. Baina antzerki munduan lekutxo bat lortzen hasi zen eta bazeukan nolabaiteko zerbait gazte ingurugiroan txinparta sortzen zuena. Abesteko klaseak hartzera behartu eta izen artistiko berria erantsi zion. Horrela jaio zen Maribel de Iriarteren mitoa. Lan gehiena egina zegoen. Musikari gazte batzuk bilatzea baino ez zen geratzen, eta horrela ezagutu ginen gainontzekoak: Miarritzeko kasinoan antolatu zen casting batean. Gainontzekoa Remi Rivers eta bere marketin taldeak eginiko lan bikainaren emaitza da. Baina hori ez da gauza berria, konfidentzian zaude zu ere, eta show-business-aren nondik norakoak ondo ezagutzen dituzu noski.
Zuen antzeko 60ko hamarkadako talderik ezagutzen duzue? Alegia, bertsioak egiten dituen 60ko hamarkadako ye-ye talderik, eta oraindik jotzen jarraitzen duenik? Hau da, eredurik izan duzue zuen egitasmoa garatzeko?
Beno, nola ez, Johnny Halliday aipatu beharko genuke, hortxe segitzen baitu, gu ez bezain fresko, baina mantentzen da. Black Is Black-en bertsio galanta egin zuen Noir C’est Noir izenburuarekin eta ezagutarazi Frantzian. Duela gutxi hil egin zitzaigun Les Surfs taldeko azkeneko abeslaria. Beraiek ere bertsioak egiten zituzten eta ia gaur arte hortxe segitu zuten batzuek. Nola ez oroitu beraien Si J’avais un Marteau, Pete Seeger-en If I Had A Hammer egokitzen. Esan behar da gure garaiko gaztetxo gehienok Chubby Checker eta horrelako amerikarren bertsioak egiten genituela.
Nola aukeratzen dituzue kantuak? Batzuk beste batzuk baino hobekiago egokitzen dira Sparteens-en ye-ye estilora?
Kantuak ez ditugu aukeratzen, kantuek gu aukeratzen gaituzte.
Zuen soinua 60ko hamarkadako giroaz jantzita egon arren, zuen abeslariak B’52 new wave taldea gogorarazten dit… abeslariaren kantatzeko modua Marisolengandik gertuago ez litzateke egon behar?
Mariso-en ahotsa eta errepertorioa gaizki ezagutzen duzula ikusten dut. Ea, kantaidazu ba bere kanturen bat. Mmmm… ez hori Rocio Durcalena da. Saiatu beste zerbait… ez hori Salomé da. Banekien ba nik.
Douglas, zuen webgunean sartu eta binilorik ez duzuela saltzen ohartu naiz. Estiloan retro, baina euskarrian oraindik retroagoak omen zarete? CDetan grabatzeak ba al du zentzurik gaur egun?
Egia esan guzti horretaz ez dakigu ezer, gure managerra den Remi Riversen eskutan uzten dugu guzti hori. Azken finean ez al da gauza bera? Soilik kolorea aldatzen da, ezta? Eta abiadura ere esan didatenez: gaur egungo diskoek 7200 buelta ematen omen dituzte minuturo, eta gure garaikoek 45 buelta baino ez zituzten ematen. Ez al da ba hobe buelta gehiago eman ahal izatea?
Lan hori teknologia analogikoarekin jaso duzue? Zer deritzozu grabazio digitalari buruz?
Baina zer demontre! Ni musikari buruzko elkarrizketa bat egitera etorri naiz… ez zerrikeriez hitz egitera. Neure sexualitatea ez zaio jendeari zergatik inporta behar. Horrelako ipurdiko zerrikeriak egiten ditudala sikiera iradokitzea ! Eta hatza non sartzen dudan ze inporta zaizu zuri?