
Bilboko Fas zineklubak gaur hasiko du ikasturte berriko egitaraua Sergei M. Eisenstein eta Grigori Aleksandrov zinegile sobietarrek 1928an eginiko Urria filmaren emanaldiarekin, El Carmen aretoen, 19:45etik aurrera. Aurten 100. urte betetzen duen Sobietar Iraultzari buruzko filma da.
Fas zineklubaren arabera, “1917ko Sobietar Iraultzaren inguruan emandako gertaerak kontatzen ditu parte hartu zuten sektore ezberdinei protagonismoa emanez eta egun historiko haiek edertasun epikoz hornituz: Tsar-en botere kentzea, borroka guneetako adiskidetasuna, Leninen agerpena, uztaileko manifestaldi publikoaren sarraskia, urriko gertaera nagusiak, hots, Jauregiaren konkista, Soviet-en II. Kongresua, sobietar boterearen aldarrikapena…”.
Eisenstein zuzendari giltzarria da zinearen historian; besteak beste, Greba (1924) eta Potemkin korazatua (1925) filmatu zituen.
Hil honetako programazioa ondoko filmekin osatzen da: 10ean, Ixcanul (Jayro Bustamante, 2015); 17an, Le Fils de Joseph (Eugène Green, 2016); 24an, Nocturama (Bertrand Bonello, 2016); eta, amaitzeko, 31n, Stalker (Andrei Tarkovski, 1979).



