MUSIKA

Lee “Scratch” Perry reggae ekoizle eta musikari mitikoak Bilbon joko du

Lee Scratch Perry (Jamaika, 1936) reggae eta dub ekoizle eta musikari mitikoak Bilboko BBK aretoan joko du gaur, 20:00etatik aurrera. Perryk Bob Marley musikari ezagunaren lehenengo doinuak grabatu zituen, eta reggae estiloari begirada psikodelikoa erantsi zion, estudioko efektuen bidez: oihartzunak, delay efektuak, erreberberazioak… Hori dela eta, dub estiloaren aitabitxitzat jo dute (reggae-tik datorren estilo geldoagoa da duba, pisutsuagoa, grabeekin ondua eta gehienetan instrumentala).

Perry 1950eko hamarkadak eman zituen bere lehenengo urrats musikalak; soinu-teknikari aritu zen Clement Coxone Dodd’s diskoetxearentzat. 1968an, halaber, diskoetxe propioa eratu zuen, Upsetter Records. Diskoetxe horren bidez, bere taldea zen The Upsetters-en diskoak plazaratu zituen, 1972ra arte.

Urtebete geroago, The Black Ark estudio mitikoa eraiki zuen bere etxebizitzaren atzeko patioan, eta bere soinu-zigilu propioa sortu zuen, oinarrizko ekipamendu bat erabilita. Soinu-marka horri esker, reggae historiako oinarrizko erreferentzia bihurtu zen. Bere ibilbide luzean makina bat musikarirekin aritu da: Bob Marley & The Wailers, Junior Byles, Jacob Miller, The Heptones, The Congos, Max Romeo edo Junior Delgado, besteak beste.

2000. urtean, Reggae Artista Onenaren Grammy saria jaso zuen, eta Rolling Stones aldizkariaren arabera, historiako 100 artista garrantzitsuenen artean dago.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button