
Titulu horren bueltan arituko da Patxo Telleria, Eako Udaletxean, ostiralean 19:30ean, bertan antolatzen diren Poesia Egunak jardunaldiak zabaltzeko.
Gabriel Arestik 1967an Hernanin irakurritako hitzaldiaren titulua da Euskeraren izen poetikoak eta aktore euskaldunak irakurketa dramatizatu bat egingo du barikuan, baina bi hitzaldiren batuketa eta egokitzapena egin da horretarako, Euskal teatro berri baten beharra: euskal komedia, Donostian 1964an emandakoa eta Euskeraren izen poetikoak, Hernanin 1967an irakurritakoa.
Lehena eskura duzue hemen, eta bere hasiera esanguratsua da:
“Orain zuen aurrean mintzatzea, arrisku haundia iruditzen zait. Donostiako hiriak hain argirik erakutsi du bere burua azken aspaldi honetan, entelegu-gai guztietan… Zuen zinema-astea, zuen euskal astea, nobela poesi eta ipui sariok, guzti hoiek Espainiako abant-goardian jarri dute zuen Easo maitagarria. Orain teatro-aste bat antolatu nahi duzue, eta bertan teatro modernoaren antzerkirik ezagunenak eta hoberenak montatuko dituzue. Beraz orain zuen aurrean mintzatzea, lehentxuago esan dudan bezala arrisku haundia iruditzen zait, eznaizela leku hain onean geratuko, zuek badadukazuelako zerekin konpara, nire aurrean juntatu den lagun-artea, eztelako gauza eskaxa, literatur-gaietan eta arterio-gaietan oso entenitua baizik. Horregatik, asko eskatuko didazue, eta nire bildurra da, zuek eskatzen duzuen beste, eztudala nik nire hitzaldi humil eta trakets honetan emanen. Baina zuek juzgatuko duzue. Nik nire alegin guztiak egin ditut hain lagunarte jakintsu hau kontent gera dadin. Nire borondate on guztia dakart nire lepoaren gainean ongi kargaturik. Mesedez kontuan har zazue nire borondate on hau, eta ez nire jakinturia-falta. Azken hau juzgatzen baduzue, kalte haundia aterako baita hortik niretzat”.
Bestea, 1967an bota zuen Hernaniko udaletxean, hau jendez lepo zegoelarik. Irakurri zuen hitzaldiaren titulua Euskeraren izen poetikoak izan zen.
“Euskara hutsean programatutako kultur aste baten baitan antolatu zuten hitzaldia. Juanito Olano zena izan zen ekimen horren sustatzaile nagusia, Donostiako Jarrai antzerki taldekoen laguntzarekin. Ramon Saizarbitoria, Iñaki Beobide eta Jose Ramon Irazustabarrena aritu ziren besteak beste” dio hartaz idatzita dagoen kronika batek.
Poetak bere poema batzuk ere irakurri zituen, hemen entzungai dituzuenak.
Honetaz gehiago jakin nahi izanez gero, zita hutsezina duzue barikuan, Ean, Patxo Telleriarekin.