LITERATURA

Euskaltzaindiak Azkue Literatura sariak banatu ditu

Euskaltzaindiak 2021eko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu ditu. Pozgarria da gazteak idazkuntzan aritzen direla ikustea (guztira 526 partaide aurkeztu dira lehiaketan) eta horixe nabarmendu nahi izan du Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta literaturaren bidetik jarraitzeko eskatu die, “euskal kulturaren eta euskararen mesedetan, eta agindu die beste horrenbeste egingo duela Akademiak, gure hizkuntza eta gure literatura babestuz eta sustatuz”

Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari horiek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Lan horiek guztiak aztertzeko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni, eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta. Epaileek azpimarratu dutenez, gai sakonak jorratu dira aurtengo idatzietan, eta sarritan ikuspuntu originalak proposatu. Bizitzaren ertz guztiak sakon aztertzeko gogoa sumatu dute partaideengan.

Saridunak honako hauek izan dira: A mailan (10 eta 13 urte bitarteko gazteen saila) Karla Loinaz (narrazioan) eta Nerea Cestona (poesian) gailendu dira; B mailan (14 eta 17 urte bitartekoak) Malen Sarasola izan da irabazlea narrazioan eta Sara Uribe-Etxeberria poesian. Beste behin, Oiartzungo Haurtzaro ikastola izan da lanik gehien aurkeztu duen ikastetxea, eta sari berezia jaso du horregatik.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button