BESTELAKOAK

Amorebieta-Etxanoko Udalak bere jaialdirik garrantzitsuenak atzeratu ditu

Amorebieta-Etxanoko Udalak Zornotzan Jan Alai pintxo lehiaketa, Haizetara kaleko banden nazioarteko jaialdia eta Elizetan ganbera musikako programa atzeratzea erabaki du, nahiz eta herriarentzat bereziki esanguratsuak diren.

Hirurak datozen hilabeteetan egitekoak ziren (maiatza eta ekaina artean) baina alarma egoerak ezarritako konfinamenduagatik, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, aho batez, atzeratzea erabaki dute. Modu horretan “zornotzarrekiko erantzukizunez jardunez, lehentasun osoa emango zaio egungo osasun eta ekonomia larrialdiari.”

Halarik ere, Udalak ez du baztertzen ekitaldiak aurrerago egitea, “betiere guztientzako osasun eta segurtasun berme guztiekin egiterik izanez gero. Halaber, Udalak ahal duen guztia egingo du neurriak eragiten dien profesionalek izango dituzten galerak konpentsatzeko”.

Joan den urtean, Amorebieta-Etxanoko kaleetan hainbat banda aritu ziren Haizetara, fanfarre, banda eta kaleko musikaren XIV. Nazioarteko Jaialdian, ekainaren 21etik 23ra. Bederatzi talde lehiatu ziren bandarik onenaren saria, instrumentistarik onenari saria eta publikoaren saria eskuratzeko lehian. Hiru egunetan hainbat lekutatik (Benin, Erresuma Batua, Katalunia, Madril, Granada, Zaragoza…) etorritako taldeak aritu ziren Amorebieta-Etxanon, kaleak musikaz eta giro onaz betez.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button