
Lekeitioko Zine Bileraren 39. edizioa joan den asteburuan hasi da. Donostia 2016ko Europa Transit enbaxadaren Mugaminak lanaren proiekzioarekin eman zaie hasiera jaialdiko ekimenei. Atzoko egunean, Euskal Zine Bileraren irekiera ekitaldi ofiziala izan da eta Argi filma proiektatu da bertan.
Gaurtik aurrera, lehiaketan parte hartzen duten 32 lanak izango dira ikusgai, 11 lan profesional eta 21 lan amateur hain zuzen. Azken hauen artean 5 lanek Gazte 22 sailean parte hartuko dute (2 lan lekeitiarrak egindakoak dira). Txikienek ere badute beraien txokoa Euska Zine Bileran eta astearte eta ostegun goizean beraientzako film-ak proiektatuko dira.
Ostiralean, urriaren 21ean, Euskal Zinearen Begirada sailak Kontxu Odriozola aktoreari omenaldia egingo dio eta bera protagonista den Urte berri on, amona filma proiektatuko da eta ondoren solasaldia egongo da Telmo Esnal zuzendariarekin.
Berbaldiak ere antolatu dira, eta hala, urriaren 22an Barandiaran aretoan, Emakumezkoan ikusentzunezkoetan: Hezkuntzatik lan mundura izango da jorratuko den gaia.
Betiko lez, Zine Bilerak bi helburu ditu: euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune bat izatea eta euskarazko lanak saritzea. Aipaturiko kategoria bakoitzean, Zuzendaritza, Ekoizpena, Gidoia eta Argazkia arloak sarituko dira. Profesionalen sailean, arlo bakoitzeko 1.600€ eta zilarrezko antzarra dira sariak; amateurrean berriz, 1.000€ eta zilarrezko antzarra. Horrez gain, jaialdiko saririk preziatuena, Film Onenaren saria, ere profesional eta amateurren kategorietan emango da: lan profesionalak 1.900€ eta urrezko antzarra jasoko ditu, eta lan amateurrak 1.300€ eta urrezko antzarra. Aurtengo epaimahaia honakoek osatuko dute: Iñaki Billelabeitia, Sara Cozar, Tessa Andonegi, Asier Bilbao eta Asier Hormaza.
Horretaz guztia gain, 38. Euskal Zine Bileran 3.000 euroko Benito Ansola Bekaren irabazlea izan zen Irati Canoren Leihoak lana primiziaz ikusteko aukera izango da.
Programazio guztia (filmak, mintzaldiak, datak, ordutegiak, eta abar) Zine Bileraren webgunean.