
Animakom, Animazio Zinemako Nazioarteko Jaialdia martxoaren 15etik 19ra bitartean egingo da Bizkaiko kapitalean. Lehen egun horretan, Ann Marie Fleming zuzendariaren Window Horses film luzea pantailaratuko da Campos Antzokiko Cúpula Aretoan.
Animakom jaialdiaren baitan 120 lan eskainiko dira Atal Ofizial eta Ikasleen Lehiaketan, bai eta Panorama eta Krazykom ataletan ere. Jaialdiak honako sariak banatuko ditu: euskal film laburrik onena, emakumeek zuzendutako film onena eta gidoi onena.
Sarietan ikusi ahal denez, jaialdiaren helburuetako bat animazioaren munduko emakume errealizadoreen, irudigileen eta animatzaileen lana azpimarratzea da, edizio bakoitzean Animakom Saria emanda zinemaren profesional bati edo batzuei, egindako lanaren esker ona erakusteko. Estreinako edizio honetan, jaialdiko sari hori I + G Stop Motion Kataluniako produkzio-etxeko Anna Solanas eta Núria Ribari emango zaie.
Beste aldetik, tailerrak ere antolatu dira jaialdiaren barruan, hala nola, umeentzako Stop Motion tailer bat. Parte-hartzaile guztien artean cut-out bolumetrikoaren teknikarekin grabatutako film labur bat egitea da tailerraren helburua. Jardunaldia amaitzean jaialdiaren amaierako galan ikusi ahal izango da film hori.
Jaialdiaren programazioa guztia bere webgunean topa daiteke.



