LITERATURA

Julen Belamunok “Gaueko zaintzailea” kaleratu du

Atzoko egunean aurkeztu zuen Julen Belamunok bere azken lana: Gaueko zaintzailea (Elkar). Berak dioen bezala, “aluminio fabrika bateko gaueko zaintzaileak lantegian igarotako azken gaua kontatzen da liburuan. Kontakizuna laurogeiko hamarkadaren bukaeran dago kokatuta, eta ordurako lanbidearen azken ordezkaria da zaintzailea, beste garai bateko hondar bat, segurtasun-sistema berri batek ordezkatuko duena. Gau guztian orduz ordu egiten duena kontatzen da, eta gau horretako ikuskaldiak egiten ari dela gogoratzen dituenak”.

Fabrika horretan egindako urteen monotonian bizitzaren errepasoa egiteko garai helduko zaio gizon horri. “Liburuaren ardatza pertsonaia hori da, baina egiten dituenak baino garrantzi handiagokoak dira pentsatzen dituenak eta sentitzen dituenak, batez ere oroitzapenak. Eta, oroitzapen horien artean, batez ere gertaera batzuk: gasolindegian lan egiten zuen neska ezagutu zuenekoa, harekin izaten zituen solasak, eta hortik aurrera gertatu zen guztia”.

Argitaletxearen arabera joko handiko lana da: “Norbaitek esana da bizitzarik gatzbakoenak ere nahikoa joko ematen duela argumentu baterako, horretarako aski talentu izanez gero. Erronka horri eutsi eta garaile atera da Julen Belamuno, ohiturik gauzkan idazkera miresgarria koxka bat estuago landuz eta gogoan geratuko zaigun pertsonaia patetikoa marraztuz.

Julen Belamunok (Azpeitia, 1959) Ukabilak eta loreak ipuin bilduma kaleratu zuen 2015ean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button