Cold Wave 1970eko hamarkadaren amaieran Frantzian eta Belgikan sortutako mugimendu musikalari deitu ohi zaio; alegia, punk-rock taldeak instrument elektronikoak sartzen hasi zirenean, batez ere sintetizadoreen erabilera minimal eta errepikakorra. Estiloa ziztuan hedatu zen AEBetara, bai eta makina bat zale bildu ere.
Bada, Chicago hiriko Circa Tapes estilo ilun, hotz eta minimal horren ordezkaria da, eta bihar Bilboko Shake! aretoan izango da, 19:30etik aurrera.
Circa Tapesen atzean Kill Memory Crash taldeko musikari Adam Killing dago. Kontzertuaren antolatzailearen aburuz, Crica Tapesen proposamenean talde hauen eraginak nabaritzen dira: Tangerine Dream, Ghost Box, Broadcast, Rolan Vega, Chris & Cosey eta Blank Dogs.
Estatubatuarrak Love and venom (2017) izenburuko diskoa aurkeztuko du: “disko urratzailea eta hipnotikoa da”, eta, besteak beste, Cabaret Voltaire, Kraftwerk, Jesus and Mary Chain eta Throbbing Gristle taldeen influentziak gordetzen ditu.
