
Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) filmen zaharberritzea finantzatu du eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean pantailaratuko dira berriz.
Bultzatzaileen hitzetan “Euskarak, eta euskal kulturak, guztion bultzada behar du, apustu sendoak behar ditu. Euskara, eta euskal zinema, gure identitate kolektiboaren parte eta isla direlako. Gaur bezalako proiektuek gure iraganari etorkizuna ematen diote, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna ematen diote”.
Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez filmok Ramon Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri homonimoetan oinarrituta daude, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen. Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.
Zaharberritze lanak abuztuan amaituko dira.