MUSIKA

Cult Of Luna bandaren abangoardiako metala

Igandean, urtarrilak 27, Cult Of Luna taldeak Erandion dagoen Sonora aretoan joko du. Suediarrak abangoardiako metalaren buruak dira, eta 1999an eratu ziren ikaragarrizko hardcore taldeen harrobia duen Umeå hirian. Izan ere, Eclipse hardcore taldearen errautsetatik sortu zen ilargia gurtzen duen metal banda interesgarri hau.

Zortzikoteak sludge-metal edo post-metale estiloak jorratzen dituela esan ohi da, alegia, abangoardiako zertzeladekin eginiko metala. Taldea ondoko musikariek osatzen dute: Klas Rydberg (ahotsa); Johannes Persson (gitarra eta ahotsa); Erik Olòfsson (gitarra); Fredrik Kihlberg (gitarra eta ahotsa); Andreas Johansson (baxua); Anders Teglund (teklatua); homas Hedlund (bateria); eta, azkenik, Magnus Líndberg (bateria eta soinu ingeniaria).

Iraupen luzeko lehendabiziko lan homonimoa 2001ean argitaratu zuten, 2003, berriz, The Beyond eta, 2004 Salvation. Azken grabazio horri esker taldea lider bilakatu zen bere estiloan. Disko horrekin taldearen proposamena baretu egin zuten. Ondorioz zaleen kopurua handitu egin zen. Disko arrakastatsu horren ondoren Somewhere Along the Highway (2006) eta Eternal kingdom (2008) etorri ziren.

Aurten, Vertikal lana argitaratu dute, non askotariko kantuak jaso dituzten, batzuk hardcoretik edaten dute; beste batzuk, berriz, giro malenkoniatsuagoa erakusten. Aipatzekoa da grabazioan bildu duten 19 minutuko Vicarious Redemption pieza, non taldearen ezaugarri guztiak ageri diren.




Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button