MUSIKA

Libe eta Rukulak Donostian joko dute

Libe eta Rukula izango dira SGAE Fundazioak Donostiako Dabadaba aretoan ondu duen Musikatik at egitarauan parte hartuko duten azken taldeak. Hala, ostiralean, Libek joko du, 21:00etatik aurrera, eta hilaren 23an, berriz, Rukulak. Ekimenaren xedea talde eratu berriak sustatzea da, euskaraz abesten dutenak lehenetsiz. Zikloa iragan azaroaren 10ean hasi zen Pet Fennec taldearen emanaldiarekin.

Libe musikariak Ilargia erori da izenburuko lana aurkeztuko du. Diskoak teklatuek bultzatutako sei pop kantu ilun bildu ditu, baina ahots eta gitarren presentzia handiarekin apainduak. Diskoa Karlos Osinagak ekoitzi du Tolosako Bonberenea estudioan. Osinagak, gainera, baxua ere jo du sei katuetan. Libek bere ohiko bi kolaboratzaile ere izan ditu ondoan: Txus Villalabeitia, gitarra, eta Dani Arrizabalaga, bateria. Kolaborazioen harira, Maiatasun Kuantikoa eta Lo dago kantuetan, Maite Arroitajauregik txeloa sartu du, eta aipatutako Lo Dago kantu horretan, zeinak diskoa ixten duen, Jon Basagurenen ahotsa entzuten da. Diskoaren edukiaren harira, kantuak egitura sinpleetan eraikita egon arren, konponketa sotil eta iradokitzailez jantzita daude.

Azkenik, Rukula Kaki Arkarazo soinu-teknikari eta musikariaren seme Martxelek zuzendutako banda instrumentala da. Taldeak sei kantuko diskoa plazaratu zuen 2016an, erritmo aldaketekin jositako lana da. Oraintsu, Kaki Arkarazoren talde ohia izandako M-ak-en kantuak moldatzen aritu dira gipuzkoarrak zuzenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button