
Azkainen aurkeztuko da gaur, hilak 21, emakumeen eta hegemonikoak ez diren gainontzeko identitateen ikusgarritasuna zabaldu nahi duen Señora txapelketaren hirugarren edizioa. Aurreko urtean, Ane Labaka Mayoz izan zen onena II. Señora sariketan, Aner Euzkitzerekin buruz-burukoa jokatu ostean. Guztira 14 bertsolarik parte hartu zuten Hendaian hasi zen lehiaketan.
Aurtengoari buruz gutxi dakigu, saioak non izango diren eta nortzuk arituko diren gaur bertan jakinaraziko dute lehen hitzorduan. Hortaz, gaur, aurkezpenarekin batera, 19:00etan poteoa antolatu da, eta gero Miren Amuriza eta Irati Alcantarilla bertsotan arituko dira.
Señora sariketa urtero jokatzen den bertsolaritza txapelketa bat da. Ekimen honen helburua emakume bertsolariek elkarrekin kantatzeko aukera izango duten guneak sortzea eta plazan duten presentzia areagotzea da. Garaipenaren ikurra txapela izan beharrean pamela handi bat ematen zaio bertsolariari.



