BESTELAKOAK

Euskal kulturaz, euskal identitateaz

Euskal kulturaren eta euskal identitatearen gaineko gogoeta eta bere transmisioa sustatzeko Jose Migel Barandiaran Katedra jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateak. Beka Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Ataungo Udalarekin, Eusko Ikaskuntzarekin eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioarekin elkarlanean abiatu da.

Euskal Herriko Unibertsitateak adierazi duen moduan, “Katedraren helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obraren, ondarearen eta hark landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak aitortuz; eta, bestetik, euskal kulturari eta euskal identitateari buruzko gogoeta eta transmisioa sustatzea, aita Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutaraziz, eta oinarri horiek gaur egungo gizartearekiko elkarrekintzaren bidez eguneratuz”.

Jose Migel Barandiaran antropologoa, etnografoa eta apaizak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian eta nazioartean, betiko galtzeko zorian ziren aztarna, usadio eta esamoldeak aztertzeko eta ahanzturatik salbatzeko egindako lan eskergagatik batez ere. Urte askoan zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lanaren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten eta sari ugari jaso zituen: horien artean, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak. Halaber, Gipuzkoako Urrezko Domina, Gernikako Arbolaren Gurutzea eta Nafarroako Urrezko Domina ere jaso zituen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button