LITERATURA

“Poesialdia”, Donostiako Poesiaren Astea

Gaur abiatuko da Donostian Poesialdia Poesiaren Nazioarteko Egunarekin (martxoaren 21ean) bat eginez. Aste osoan zehar, 25era bitartean, poesiaren inguruan makina bat kontu antolatu dituzte.

Diogun moduan gaur berton abiatuko da ekimena, V. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketarekin. Poesia lehiaketa hau Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean burutua, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua izan da. Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 € dira, eta horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparituko zaio irabazleari, eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko du. Azkenik, ekainean ospatuko den Poesia eta Pentsamendua saioan sarituak bere poemak errezitatu ahal izango ditu.

Biharko hitzorduan, Chantal Maillard poeta izango da protagonista. Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango da Maite Lopez Las Heras poeta eta itzultzailearekin batera, 19:00etan. Bereak dira Poesiako Sari Nazionala (2004), Kritikaren Saria (2007) eta Kritikaren Andaluzia Saria (2008).

Asteazkenean, Iñigo Astizek eta Jon Basagurenek Oraindik, orain eta oraingoz emanaldia eskainiko dute, non poemak eta musika uztartzen diren. Saioa Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan izango da, 19:00etan.

Eta ostiralean Safo: Desio duzuen bezainbeste saioa ondu da Poesialdian. Maite Lopez Las Herasek Saforen poesia guztia euskaratu du, eta horixe izango da entzungai  ostiralean. Idazle hori Aritz Gorrotxategi idazlearekin arituko da berbetan. Geroago, Aizpea Goenaga eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek Saforen poemak errezitatuko dituzte Nerea Azcona harpa-jotzailearen laguntzarekin. Saioa Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian izango da,19:00etan.

Eta horretan gain, maiatzaren 21era bitarte, Sara Moranteren ilustrazio erakusketa bat izango da abian. Bertan, Sara Morantek Sylvia Plath-en Ariel poema-libururako collage formatuan egin zituen hogeita hamar ilustrazio baino gehiago biltzen dira.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button