
Aurten, munduaren historian lehenengo aldiz, Euskal Herriko elektrotxarangak batu egingo dira jaialdi handi, musikari, ibiltari eta kaletarra egiteko. Ikuskizun mundiala Bermeon izango da, irailaren 6an (larunbata).
Gasteizko Ttek kultur elkartea eta Bermeoko txosnak ari dira elkarlanean topaketa antolatzen, Euskal Herriko beste hainbat elektrotxarangarekin batera.
“Ttek arduratzen ari da elektrotxarangekin harremanean egoteaz eta komunikaziorako diseinuaz, eta Bermeoko txosnak anfitrioi lanez: udal sailekin koordinatu, kalejiretarako planoa prestatu, musikari guztiek jan-edan eta tresnak uzteko lekua izan dezaten lortu eta abar… Ttek martxotik ari zen ideiarekin bueltaka, topaketa udan egin asmoz, baina uda elektrotxarangak batzeko zailagoa da herrietako jaietan zehar okupatuta dabiltzalako. Bermeoko txosnen proposamena jaso zutenean, irailean eta kostako herrian egiteko, ados ipini eta indarra eta ilusioa batu zituzten”.
Oraindik egitaraua prestatzen ari dira, baina egun osoko topaketa izango da eta zertzelada batzuk aurreratu dituzte antolatzaileek: gutxienez sei elektrotxaranga batuko dira jaialdian, eta zortzi plazatan joko dituzte. Herri bazkaria ere ez da faltako. Elektrotxarangen Topaketari bukaera ikusgarria emateko txosna ingurura bilduko dira gero, eta parranda amaiezina izango da!
Informazioa hemen jarriko dute laster: http://bermeokotxosnak.wordpress.com



