ESZENA

“Dantzaldiak” bere 20. urteurrena ospatuko du aurten

Gaur aurkeztu dute Bilboko Rekalde aretoan, Dantzaldia, Nazioarteko Dantza Jaialdia. Bertan, Mario Bermudezek eta Catherine Couryk sortutako Duet Alanda piezaren aurkezpenaz ere gozatu dute bertaratu direnek. Bikote horrek, hain zuzen, Dantzaldiaren ateak zabalduko ditu gaur berton, irailak 26, Rekalde aretoan bertan.

Nazioarteko Dantza Jaialdiaren xedea “hiritarrei joera berriei buruzko eta interpretazio artistikoei buruzko informazioa ekartzea da; bai eta hiriko beste espazio batzuekin loturak ezartzea eta Bilbo dantza sareetan kokatzen jarraitzea ere”.

Programazioa intentsua izango da, eta sortzaile askok Bilboko makina bat espazio bisitatuko dituzte, emanaldiak burutzeko, edota tailerrak, lan-prozesuak, estreinaldiak, masterclass-ak zuzentzeko, eta emanaldien osteko topaketetan ere parte hartzeko.

Diogun bezala, lehen emanaldia gaur berton izango da. Duet Alanda lan koreografikoak, aditu ahal izan dugun bezala, ekialde hurbileko aireak dakartza eta “hainbat etniaren elkarguneez hitz egiten du: elkargune historikoak, lurraldekoak edota estetikoak. Elkarrekin sortzen duten atmosfera atenporalean Catherineren sustrai amerikarrak Mariok bere jatorrian (Jaen) dituenekin elkarlotzen dira. Indarraz eta jariotasunaz markatuta, bikote honen lanak kulunka egiten du tentsioaren eta samurtasunaren artean, anabasaren eta baretasunaren artean”.

Irailaren 28an, Parisetik datoren Olivier Dubois dantzariak bere intentsitatea eta bere ohiko zintzotasun gordina eroango ditu Azkuna Zentrora, Pour sortir au jour piezarekin. Rocío Molina, Trevor Carlson, Marco Flores, Claudia Dias, Alexander Vantournhout eta Bauke Lievens izango dira parte hartuko duten beste artista batzuk.

Dantzarekin batera, zineak ere bere txokoa izango du. Roberto Menendezek egindako film dokumentala Daniel Abreuk aurkeztuko du urriaren 3an, BBK aretoan. Gainera, EHUko Ikus-entzunezko Komunikazio Departamenduak programazio berezi bat egingo du Arkitektoen Elkargoan azaroaren 28an.

Dantza guztia, beraz, Dantzaldian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button