
Gaur, urriaren 26an, Etxepare Euskal Institutuaren eta Consello da Cultura Galega-ren bultzadaz euskal eta galiziar olerkigintzak elkartuko dira Donostiako Tabakalerako Etxepare Euskal Institutuko egoitzan, Poeta ibiltariak egitasmoaren barruan.
Etxepare Euskal Institutuak abiarazi zuen Poeta ibiltariak programa iazko udaberrian, kasu hartan Institut Ramon LLull erakundearen partaidetzarekin, Kataluniako eta Euskal Herriko poetak elkartzeko. Oraingo honetan Galiziarekin izango da elkartzea, izan ere, ekainean, Santiago de Compostelan egin zen bi literaturen arteko topaketa.
Euskal olerkigintzaren ordezkariak Leire Bilbao, Miren Agur Meabe eta Felipe Juaristi izango dira eta Galiziatik Manuel Rivas, Gonzalo Hermo, Dores Tembrás eta Anxo Angueira bilduko zaizkie.