ARTEA

“Eulalia Abaituaren Emakumeak” erakusketa ikusteko azken egunak

Datorren astean itxiko da (azaroak 30) Enkarterrietako Museoan ikusgai dagoen Eulalia Abaituaren Emakumeak izeneko erakusketa. Euskal Museoak argazkilari horren 2.500 irudi baino gehiago gordetzen ditu eta kopuru horretatik osatu da aipaturiko erakusketa.

Eulalia Abaitua Allende-Salazar ezagutzen den lehenengo euskal emakume argazkilaria izan zen, eta bere argazkietan emakumezkoen ikuspegia azalarazi zuen. Bilbon eta Bizkaian landa- eta etxe-inguruneetan bizi ziren emakume askori argazkiak atera zizkion, eta artxibo historiko bikaina utzi zuen.

Eulalia Abaituak “errealismo handiz egiten ditu erretratuak, eta bere garaiko emakumeen egunerokotasunaren esentzia atzematen du. Bere argazkiek zehaztasun handiz islatzen dituzte XX. mende hasierako euskal gizartea, tradizioa eta folklorea. Eulalia Abaitua Allende-Salazar emakume handia izan zen, eta ez zen kikildu garai hartan nagusi zen diskriminazioaren aurrean, gehien gustatzen zitzaiona egiten baitzuen: aire zabalean emakumeei argazkiak egitea. Eta argazkigintzari zion zaletasunari esker daukagu gaur hemen XX. mende hasierako emakumeen bizimoduaren lekukotasuna ematen digun dokumentu hau”.

Beste aldetik, Eulalia Abaituaren argazki hauetako emakumezkoak ez datoz bat garaiko estereotipoekin. “Garai hartako burgesen kodeek ez dituzte maila apalagoko emakumeak, nekazariak, pobreak, langileak idealizatzen. Ideal femeninoak edertasuna goraltzen zuen, etxeko eta familiako mundurako eroapen osoa, amatasuna, gizonarekiko mendekotasuna (berdin ezkontidearekin zein aitarekin), atsegintasuna. Ideala inoiz betetzen ez denez, gizarte horrek berak emakumeen erretratuak erabiltzen ditu gizonen dibertimendurako objektu erotiko edo pornografiko moduan. Kode burges horretan, argazkigintzak emakume militantearen eta sufragistaren klixeak ere sustatu zituen; xarmarik gabeko emakume angelutsuak, hau da, emakume frustratuak, errukia ematen zutenak, ernegatuak.”

Ekimenak aitortza egin nahi dio Eulalia Abaitua Allende-Salazarri egin zuen lan handiagatik.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button