MUSIKA

“Kooltur Ostegunak” musika zikloaren barruan, Petti & Etxeko Uzta

Maiatzaren 25ean, 22:00etan, eta Arrasateko Gaztetxean, Kooltur Ostegunak musika zikloaren azken kontzertua izango da: Petti & Etxeko Uzta.
Aurreko asteetan, Erromatik etorritako Gli Ultimi eta Birkit taldeak aritu ostean, osteguneko kontzertuan Berako Petti musikaria arituko da Telletxea anaiekin eta Joseba Irazokirekin zuzenean.

Bere garaian, disko homonimoa kaleratu zuenean, Elkar diskoetxeak honako hau adierazi zuen: “Pettiren diskoa, modernoa eta kalitate handikoa izango da. (…) Barrutik ateratzen diren kantu leunek, zeintzuk bizitza zailen memoriak daramatzaten, sentimendu zatikatuak, pasioak eta ametsak agertzen dituzte. Blues-rock-folk energikoa eta goxoa”.

Azken boladan Manipulazio estrategiak diskoa zabaltzen aritu da Petti. Diskoa Noan Chomsky pentsalariaren lanean oinarrituta dago. Gizartea manipulatzeko komunikabide handiek erabiltzen dituzten estrategiak identifikatu zituen, eta Harkaitz Canok poema bihurtu ditu, ohiko fineziaz. Pettik, berriz, musikaz jantzi eta beste dimentsio bat eman die, eta material horrekin (pentsamendua, poesia, musika) azkenaldiko disko sendo eta txalotuenetako bat osatu du. 2021eko Musika Sarietako irabazle nagusietako bat izan zen Pettiren lan hori.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button