Ana Urkiza idazleak Hitzetik ortzira (Balea Zuria) aforismo-liburua aurkeztu zuen atzo, Donostiako Udal Liburutegiko Mandasko Dukearen aretoan.
Ibilbide oparoa egin du euskal letretan Ana Urkizak (Ondarroa, 1969). Narrazioa, saiakera, elkarrizketa, poesia, haur eta gazte literatura, biografia eta aforismoa jorratu ditu orain arte.
Oraingoan aforismo liburu batekin dator, Hitzetik ortzira. Bale Zuria argitaletxeko lagunek adierazi diguten moduan, “Poetikotasunari uko egin gabe, Urkizak hitz-jokoa, gogoeta, jolasa eta kezka uztartzen ditu liburu honetan, sakon eta zorrotz. Hainbat gai darabiltza batera eta bestera: emetasuna, jakintza, egia, ametsak, bizitza, zalantzak, denbora, arnasa, arriskuak, isiltasuna, galerak, itxaropena, aldaketak, eskarmentua, konfiantza…”
Urkizak berak dioen bezala, “pentsatzea ez da hain erraza. Lehenbizi, ideiak desordenatu behar dira”. Desordenatze eta arakatze horren atzetik desikastea dago, jakintzara heltzeko modurik zuzenena. Azken finean, “Zalantzan jartze hutsak gauzak asko argitzen ditu”. Egiaren bila abiatzen dira batzuk, egia harago geratzen dela ohartzeke. Egileak berak gogorarazten du zenbaitetan, egia izan daitekeela gezurrik errukarriena. “Gal dezakeguna baino ez gara”, dio aforismoetako batek.
Galera ariketa horren “kronika zehatza eskaintzen du Urkizak ikuspegi eta erpin askotatik, aurreiritziak astinduz, begietan jarrita ditugun bendak eroraraziz, baina, era berean, zalantza berriak ernatuz, gure kabuz harago joaten saia gaitezen.”