LITERATURA

“Etxe honetan” albuma, aurtengo Etxepare Album Saria

Aurtengo Etxepare Album Saria irabazi duen Etxe honetan lana argitaratu du Pamiela argitaletxeak. Asier Iturralde Glez. de Alaiza Gaston donostiar  ilustratzailearen irudiek eta Aintzane Usandizaga Lasarte-Oriako idazlearen testuek osatzen dute Etxe honetan albuma. Lanak ondo baino hobeto erakusten du etxean arauak jartzera ohituta dagoen aitatxi baten eta honen egunerokotasuna eta errutina hankaz gora paratzera datorren ilobaren arteko harremanaren gaia. Ezagunak egin ahal zaizkigun egoerak bizitasunez kontatu eta marraztu dituzte autoreek, “umorea maisuki erabiliz eta irribarrea lehen minututik sorraraziz”, argitu dute sariaren arduradunek. “Irakurleak erabaki dezala nork agintzen duen Etxe Honetan”, gaineratu dute.

Etxepare Album Sarietako aurtengo epaimahaikideak Leire Bilbao idazlea, Leire Salaberria ilustratzailea, eta Idoia Sobrino liburuzaina izan dira. Euren iritziz “oso ondo uztartu dituzte hitza eta irudia, eta komikiaren trazuak antzeman daitezke lanean”.  Gainera, topikoetatik ihes egiten du eta oso hitz gutxi erabilita oso ondo eta lerro artean erakusten du, “familia amak, osabak eta  bi pertsonaiek osatzen dutela, aitatxi agure zahar bat ez den gizon euskaldun moderno bat dela, eta bera dela zaintza lanez eta kozinatzeaz arduratzen dena, errezeta bat eta guzti emanez”.

Asier Iturralde Gaston, Arte Ederretan lizentziatua da eta lanbidez ere irudigilea eta diseinugile grafikoa da. Komikizale amorratua betidanik, komiki astekaria argitaratzen du  betiberdintaberna.art webgunean. Euskal Irudigileak, EIDE Basque Design eta Galtzagorri elkarteetako kidea da.
Aintzane Usandizaga Lopez idazlea berriz, Artearen Historian lizentziatua da eta Kultura Artistikoaren Gizarte Garapenetan Graduondokoa egin zuen. Oroitzen duenetik maite ditu istorioak, haurra zenetik izan du hauek entzun eta asmatzeko grina. Bere argitalpenen artean, 2019ko udaberrian Kabitu ezina liburua Elkar argitaletxearekin eskutik.

Etxepare Sari honek haurrei zuzenduriko album ilustratuen sormena sustatu nahi du, album ilustratu bezala ulertuz, testua eta irudia elkarren osagarri dituzten lanak.

Informazio gehiago duzue, hementxe.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button