MUSIKA

Getxoko Jazzaldiak bere lehen izarrak ditu

Uztailaren 3tik 7ra izango den Getxoko 43. Nazioarteko Jazzaldia eta egun horietako kontzertuetarako bi izen baditu. Jaialdiaren lehenengo egunean Andrea Motis tronpeta-jotzaile eta abeslaria arituko da, etorkizun handiko artista eta estatuko eszenan nabarmendu dena.  2011n Quincy Jones artista famatuak bere taldearekin jardutera gonbit egin zion Peraladako jazzaldian eta handik gutxira Kataluniako Goi-mailako Musika Eskolan sartu zen bere trebakuntza osatzeko. 2017an, 21 urte zituela, bakarkako lehenengo diskoa grabatu zuen, Emotional Dance, eta horrekin kritikoak zein zaleak harritu ditu.

Eta uztailaren 6an, Madeleine Peyroux jardungo da, nazioarteko jazzaren ahots handienetariko bat, hain zuzen ere. Madeleine Peyroux (1974, Athens; Georgia) XX. mendeko jazz eszenan sortutako abeslari arrakastatsuena da eta bere ahotsa Billie Holidayarenarekin alderatzen dute. Keep Me in Your Heart for a While (2014) bilduma eta Secular Hymns (2016) bere lanik sendoenak dira. Pasa den urtean Anthem kaleratu zuen  eta lan horretan kezka pertsonalak, poetikoak eta politikoak erakutsi ditu.

Saio nagusien aurretik, ohi bezala, Talde Lehiaketako kontzertuak izango dira. Aurten, 16 herritako 66 taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hautatu ditu epai-mahaiak finalerako: Poloniako Szymonklekowicki Sextet, Claudio Jr. de la Rosa laukote holandarra eta Espainiako Marc Martin Trio eta José Ángel Llorente 5et. Aukeratutako talde irabazleek 4.300 euroko saria jasoko du. Halaber, zuzeneko diskoa grabatuko zaie. Bigarren saria, berriz,  1.800 eurokoa izango da eta bakarlaririk onenari emandakoa, 900 eurokoa.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button