
Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, Musika Bizian jaialdiaren 12. edizioa egingo du urriaren 30ean eta 31n. Antolatu diren kontzertuez gain, musikari artisauak eta luthierrak ere ez dira faltako hamabigarren edizio honetan.
Musika ardatz hartuta, hainbat naziotatik etorritako taldeek kontzertu biziak eskainiko dituzte, adibidez, Galiziako Faltriqueiras taldea gaur bertan arituko da, eta horien ostean Kalakan euskaldunak izango dira, 21:30etik aurrera. Larunbatean, Flandriako Enbrum, Amazigheko Agraf eta Zuberoako Xiberoots taldeek jarriko diote musika gauari, 21:00etatik aurrera.
Goikoez gain, Taberna Ibiltariak euskal kantutegiari errepaso galanta egingo dio, eta Iruñeko Ortzadar Fanfarrea arduratuko da kaleak animatzeaz.
“Musika Bizian Andra Mari Eusko Dantzari taldeak 2014. urtean sortutako nazioarteko jaialdia da; estaturik gabeko herrialdeen artekoa, hain zuzen. Andra Mariren helburuetako bat betidanik izan da euskal kultura plazaratzea; horretan dihardu oraindik orain, baina munduan egon badaude Euskal Herriaren egoera bertsuan dauden herri eta aberriak; hortaz, horiei ikusgarritasuna emateko, finean, Euskal Herriaren antzeko egoeran dauden munduko beste herrialde batzuetako musika, hizkuntza eta kulturak erakusteko, antolatu zen 2014. urtean Musika Bizian jaialdia”.
Informazio guztia Galdakaoko Udalak dauka.



