ESZENA

“Antzerki Aroa” ekimenaren azken saioak

Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloa azaroaren 4ra arte egingo da. Nafarroako Antzerki Eskolak antolaturiko ekimenean bost antzezlan taularatuko dira, azken biak gaur eta gaur zortzi izango dira.

Lehen saioa Metrokoadroka taldeak egindako Bi baso bat ur lana izan zen. Horren ostean, Zanbuila (Lolak kolektiboa) eta Las Reinas Kanpina (La Cuerda Teatroa eta Ttipia Kultura) etorri dira.

Gaur, Rikardo III eta Ni (Horman Poster eta Dxusturi Teatroa) lanaren txanda izango da. “Hiru pertsonaia oholtza gainean. Hirurak Shakespearen zale amorratuak. Hiru friki hauek, Rikardo III.ren gaineko aluzinazio eszeniko bat ekarriko dute. Nor da Rikardo III? Ba al du Rikardok moralaren kontzientziarik? Zertan datza politikak? Manipulazio mekanismo berberak erabiltzen ziren lehen zein orain? Noraino eraman gaitzake botere goseak? Shakespearek idatzitako tragedia historikoa oinarri hartuta, hiru kideak galdera hauek erantzuten saiatuko dira. Horretarako, Shakespearen antzezlaneko ezenak, umorea eta eztabaidak erabiliko dituzte. Fikziotik terapiara eta handik dantzara ibiliko dira saltoka oholtza gainean. Anabasa horretan gaudela apurka-apurka, Rikardo III.ren munduak irentsiko gaitu. Fikzio maila guztiak nahastuko zaizkigu eta ikuslegoaren pentsamenduan galdera bat pausatuko da: gutako bakoitza ote da Rikardo III?”. Bertan parte hartzen duten antzezleak Leire Ucha, Ion Zumelaga eta Eneritz Artetxe Aranaz dira.

Gaur zortzi, Sidari (Xake produkzioak) lana ikusteko aukera egongo da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button