EZLEKUBAT

Goizalde Landabaso: “Irakurleak bizitzaren osotasuna babesteko poemak aurkituko ditu”

Goizalde Landabasok bere azken poemarioa kaleratu berri du. Babeserako kopiak hiru atal ditu: Izan, Odola, eta Denbora. Horretaz gainera, Harkaitz Canoren hitzaurre ederrarekin apaindurik dator. Lehen atalean, Izanen, identitateari buruzko poemak antolatu ditu Landabasok; bigarren atalean, sentimendu potenteek inarrosten gaituzten uneko sorkuntzak daude, bakardadeaz, tristuraz, poema erotikoak, eta abar. Eta azkenik, hirugarren atala denborak hartzen du osoki, eta bertan zahartzeaz aritzen da idazlea, memoriaz.
Bere lan horretan sakontzeko, Goizalderekin mintzatu gara.

 “Babeserako kopia” da atera duzun azken poemarioaren izena. Hasieran teknologia berriekiko harremanaz mintzatuko zarela ematen du. Argi dago ezetz, baina zer aurkituko du irakurleak?

Memoriari eusteko ahalegin bat. Oroitzapenak gotortzeko ariketa. Uste dut bizi ditugun garaiotan erosoegi bihurtu garela. Eta erosotu egin dugu gure garuna, gure geurea izan beharko lukeen memoriari uko egiteraino. Ez dugu buruhausterik nahi, nahiago dugu makina batek gure oroitzapenak, gure instanteak kudeatzen baditu. Uste dut hortxe ari garela gure burua galtzen, gure baitako gauzarik garrantzitsuena, gure esentzia, gu geu egiten gaituena. Ni banaiz teknologikoa, baina uste dut gure teknologiatasunak mugak izan behar dituela teknologiakeriak bihur ez daitezen. Beraz, poema hauetara jauzi egiten duenak bizitzaren osotasuna babesteko poemak aurkituko ditu. Eta beharbada, bateren batean, bere burua aurkituko du.

Memoria galduaren aldeko aldarria dela esan daiteke? Edota memoriari argazkia ateratzekoa?

Memoria berreskuratzeko aldarria izango litzateke, ezer izatekotan. Izan ere, memoriarik gabe zer gara? Memoria ez bagara, zer gara? Bizi izan ditugun esperientziek, txar zein on, egiten gaituzte garena. Batzuetan, gustatzen ez zaizkigulako edo latzegiak direlako edo, ezabatu nahi izaten ditugu gertatutako jazoera zenbait. Baina jazoera horiek ere bagara eta aldarrikatu beharko genituzke. Denak. Euskarri teknologikoetatik atera eta geure egin beharko genituzke berriro.

Hiru atal ditu liburuak.  Bakoitzaren nondik-norako laburra egingo diguzu?

Lehenengoa NOR IZAN da. Bertan idazlea bere buruaren bila aritzen da. Batzuetan arrotz sentitzen da, beste batzuetan deseroso, baina ez du etsitzen, ez du beldurrik aurkituko duen horretan. Ez zaio inporta gustatuko zaion edo ez. Bere burua aurkitu nahi du. Ostean ODOLA dator. Zatirik grinatsuena dela esan genezake. Biziena. Hor daude bakardade uneak, sexua, maitasuna, hor dago deserosotasuna. Hor dago odola mugiarazten duen sentimendu oro. Eta hirugarrenik DENBORA dago. Bertan nabarmen ikusten da denbora pasatzen dela, denontzat. Eta nostalgia eta mina uxatuta, atzera begiratzen du, izan zenari. Bizi izan zituenei. Eurekin aurrera egiteko asmoz.

Batzuetan ematen du atalak elkarren arteko harreman handia dutela. Hala da, edo muga dago batetik bestera?

Muga oso lausoa da. Dena oso lotuta dago. Izan ere, norbere bizitzan zaila da mugak ezartzea. Bizitzak berak apurtzen ditu etengabe. Denboraren joanak eta nortasunaren bilaketak zerikusi estua dute. Eta sexuak eta maitasunak, eta mundua begiratzeko eta bizitzeko moduek. Dena oso lotuta dago. Gertatzen dena da liburuaren arkitekturak nolabaiteko banaketa eskatzen zuela. Eta esan lezake norbaitek oso arkitektura artifiziala dela, eraikia delako. Baina uste dut liburuari hezurdura ematen diozunean eraikitzen ari zarela. Edozein generotan. Baina egia da DENBORA atalean agertutako zenbait poemek izan lezaketela leku lehenengoan edota bigarrenean.

Konturatu gara poema askotako tituluak galderak direla? Zer dela-eta?

Nik gero eta galdera gehiago ditudalako. Erantzunen bila abiatzen zara, eta bilaketa horretan logikoena erantzunak aurkitzea da. Baina batzuetan itaun gehiago aurkitzen ditut. Eta beharbada erantzunik ez duten galderak dira. Beti egiten ditugunak. Denok ditugunak. Batzuetan modu inkontzientean egindako galderak dira, sarri gure buruari egin arren, oso isilean egiten ditugunak. Zenbait galdera egiterakoan galdera gehiagorako ateak zabaltzen dituzu. Eta ez dut uste txarra denik. Gauza da azkenerako galdera bete zaku daramazula eta ez dakizula beraiekin zer egin.

Poemetako hiztegian ahalegin berezia egin duzu poetikotasun berezia lortzeko asmoz?

Ahalegin berezia egin dut berbak josten, eta bilatzen, eta berritzen. Esan nahi dut, batzuetan berba berrien bila joan naizela. Bueno, berrien bila ez, ezagutzen ez nituen berben bila. Eta ahalegindu naiz poetikotasun oihartzunak bilatzen. Orraztu eta orraztu eta orraztu egin ditut poemak. Euretako asko luze-luzeak ziren eta oso hitz gutxitan geratu dira. Hor ere bilatutako ariketa dago. Ia ahalik eta berba gutxienekin ahalik eta gehien esan dezakedan.

Pribatutasunaren atea zabaldu duzu. Poema batzuk erotikoak dira, beste batzuk bakardadearen pisuaz mintzo dira,…

 Idazten duzunean pribatutasunaren ateak zabaltzen dituzu. Zabaldu eta erakutsi nahi ez badituzu, hobe da tiradera batean gordetzen badituzu. Eta neurri batean denok larrugorritzen gara etengabe. Larrugorritzea, zentzu handi batean, komunikatzea delako. Eta gizakiak komunikatu behar du. Beste aldean pertsona bat behar du, gutxienez, bere burua berretsiko duena, bere existentzia berretsiko duena. Eta jarduera horretan, benetakoa bada, biluzik agertu behar duzu. Biluzik erakutsi beharko diozu beste aldekoari nor zaren, zer sentitzen duzun, zer pasatzen zaizun. Edozelan be, poemak instanteak dira. Norbere baitako flashak. Gizaki bat poema bat baino gehiago da, baina poema bat ere bada.

Hitzaurre bikaina idatzi du Harkaitz Canok. Zer dela eta ekarri duzu liburura?

Harkaitzek poemak asmoak baino ez zirenean irakurri zituen. Orrazkera itzela egin zuen. Ostean Iratxe Fresnedak ikusi eta irakurri zituen. Berak ere orrazkera izugarria egin zuen. Pentsatu nuen sekula ez diodala inori hitzaurrerik eskatu, eta Harkaitzek irakurri zituen lehenengoa izan zenez ba seguruen ikusmolde osoagoa izan zezakeela. Eta hitzaurre bikaina idatzi du. Eder-ederra.

Liburua ere zenbait argazkirekin hornitu duzu. Norenak dira? Zergatik argazkiak jarri nahi hori?

Argazkiak Iñaki Mendizabalenak dira. Berak ateratakoak. Iñaki oso argazkilari ona da, oso begirada berezia dauka. Denbora luzean ikusi izan dizkiot, eta pentsatu nuen bere argazkiak, zuten atmosferagatik, egoki zitezkeela liburura. Azaleko argazkia Iñakirena da, eta barruan dauden hiru argazkietatik beste bat berea da. Gainontzekoak Olatz Rubiorenak dira. Oso argazkilari ona hori ere. Bere argazkiak beti gustatu izan zaizkit eta liburua ederragoa izan zitekeela pentsatu nuen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button